Zorion perfekturik ez

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 9a, 14:01
kaixomaitia

Euskal herritarren harreman sexualak eta afektiboak aztertu dituzte kaixomaitia.eus webguneak eta Aztiker Soziologia Ikerguneak. Guztira, 2.358 pertsona sartu ziren inkestara eta 1.500 pertsonek bete zituzten galdera guztiak.

Bikotekidea baduzu momentu honetan? Zer bilatzen duzu harreman batean? Batezbeste, zer maiztasunez izaten dituzu sexu harremanak? Harremanetarako webguneren batean izena eman duzu inoiz? Hauek bezalako 73 galdera erantzun dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 18 urtez gorako 1.500 lagunek, izenik eman gabe, euskal herritarren harreman sexual eta afektiboei buruzko ikerketa batean. Bildutako zenbakien arabera, orokorrean afektiboki zoriontsuak gara (6,9 puntu), baina bizitza sexualari begiratzen baldin badiogu ez gara horren zoriontsu (5,7 puntu).

Kaixomaitia.eus euskaldunon harremanetarako webguneak abian jarri zuen inkesta otsailaren 12an. "Maila afektiboan eta sexualean euskal herritarrak zoriontsuak garen edo ez" jakin nahi zuten.   Inkesta luzea egin zuten, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta frantsesa), eta, nagusiki, sare sozialen bidez zabaldu zuten. Martxoaren 13an itxi zuten galdeketa, eta Aztikerrek egin zuen lehen lanketa bat datu horien gainean. Hala, Hego Euskal Herrian bizi diren herritarrak, 18 eta 64 urte bitartekoak eta euskaldunak hautatu zituzten emaitzak ondorioztatzeko.

Webguneak abian jarritako inkestara guztira 2.358 lagun sartu ziren, eta 1.500 lagunek bete zituzten galdera guztiak. Horietatik 107 arabarrak dira (%8,3). Hala, inkestatuen %42,5 gipuzkoarrak dira, %39,1 bizkaitarrak, eta %10,1 nafarrak. Iparraldeko nahikoa erantzunik ez dute jaso, eta ondorioz ez dute zenbatu.

Maiztasunaren faktorea

Bildutako datuen arabera, zoriontasun sexualaren zati inportantea da maiztasuna, izan ere zoriontasun maila altuenak adierazi dutenak dira aldi berean sexu harremanak maiztasun handiagoz izaten dituztenak. Azterketak dio euskaldunok batezbeste 1,15 bider izaten ditugula sexu harremanak astean, baina 2,99 bider nahi izango genituzkeela, berdintsu emakume nahiz gizon.

Adinean gora egin ahala, zoriontasun maila afektiboak eta sexualak behera egiten dute 4,4 puntu, soilik 53-57 adin tarte bitartean. 

Bestetik, bikotea da harremantzeko modu nagusia eta zoriontsuen egiten gaituena, %7ak soilik ez luke nahi bikotekiderik izan, baina indarra hartzen du harreman irekiaren kontzeptuak. Bikotekidea dutenen %19ak irekiko luke egun duen harreman itxia, eta bikotekidea ez dutenen %26ak izango luke bikotekidea harreman irekian.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide