Arabako eta Gasteizko kulturaren plan estrategikoetan parte hartu nahi du Mahaiak

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 23a, 15:01

Mahaian parte hartzen dute zenbait artista eta eragile elkartu dira Oihaneder Euskararen Etxean.

Era berean, obra publikoen aurrekontuetako kostuaren %1 berriro ere kulturan inbertitzea eskatu du Arabako Kulturaren Mahai Sektorialak.

Mahaia Arabako Kulturaren Mahai Sektorialak kultura eta sorkuntza garaikidearen aldeko proposamenak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du. Guztira, 11 proposamen dira, Arabako kultura suspertzeko prozesuaren abiapuntu izango direnak. Besteak beste, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak lantzen ari diren Plan Estrategikoetan parte hartzea eskatu dute. Plan hauetan erabakiak hartzeko “gaitasuna” izan nahi dutela zehaztu du Roberto Ercilla arkitektuak,  Mahaia plataformako kideak.  “Plan hauek kultur eragile guztien eta hiritarren sentsibilitate eta iritziak jaso behar dituzte. Horretarako, parte-hartzea eta elkarlana bultzatuko dituzten espazioak ezarri eta sustatu behar dira”, azaldu dute plataformatik.

Aurrekontuak berreskuratzea

Era berean, kultur aurrekontuak berreskuratzea eskatu dute Mahaia osatzen duten artista eta eragileek. Besteak beste, obra publikoen aurrekontuetako kostuaren %1 kultur proiektuetan eta lan artistikoetan inbertitzeko konpromisoa eskatu diete erakundeei, baita ekipamendu publikoen jasangarritasuna eta inbertsioa bermatzea ere. Esaterako, Artium, Oihaneder, Arte Ederren museoa, Arte eta Diseinu Eskola Nagusia edo Arte eta Lanbide Eskola bezalako ekipamenduena.

Horrez gain, kultur erakunde publikoei Jardunbide Egokien dokumentura atxikitzea eskatu diete aipatu dokumentuan. Horrekin batera, epe luzerako kultur politikak ezartzea eta kultura sustatzeko komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea beharrezkotzat jotzen dute.

Formazioa eta hezkuntza kalean

Formazioa eta sorkuntza sustatzea ere ezinbesteko urratsak direla azaldu dute Mahaiako kideek. “Hiriko gabezien artean, kalean formaziorik egiten ez dela dago". Azkenik, Araban dauden artista eta kultur eragile guztien errolda egitea proposatu dute. Gainera, egun lurraldean dauden kulturarako espazioak eta aukerak aztertu beharko liratekeela adierazi dute. “Lan egiteko guneak eta lantegiak behar ditugu, bertan jarduerak sortzeko”. Zentzu horretan, Gasteizen espazio indartsurik ez dagoela azaldu dute Kulturaren Mahai sektorialeko kideek eta adibidez, Eusko Jaurlaritza Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Azkuna Zentroan egindako inbertsioak aipatu dituzte. “KREA martxan jartzeko egin beharreko inbertsioa Tabakaleran egin dutena baino bost aldiz txikiagoa zen, baina dirurik ez dagoela esan dute”, zehaztu du Ercillak.

Bilerak erakundeekin

Azken hilabeteetan alderdi politiko, Gasteizko Udala, Batzar Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzarekin bilerak izan dituzte Mahaiako ordezkariek eta datorren hilabetean, berriro ere elkartuko dira Lakuako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariekin.

Proposamen hauek aurkezteko Oihaneder Euskararen Etxean egin duten bileran Arabako kulturari lotutako 50 lagun baino gehiago elkartu dira. Bertan, testigantza ezberdinak jasotzen dituen bideo hau aurkeztu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago