Sortu da Mahaia, Arabako kultura babesteko plataforma

hirinet 2015ko ira. 30a, 02:00

Gaur goizean Mahaia, Arabako Sorkuntza Garaikiderako Mahaia Sektoriala aurkeztu dute kulturari lotutako eragile ezberdinek.

 

Plataforma hau “gure lurraldeko kulturaren babesgabetasun, utzikeria eta noraezari aurre egiteko beharrak bultzatuta” sortu da. Mahaia plataforma demokratiko, zabal, plural eta askea dela diote bere sorkuntza bultzatu dutenek, “zentzugabekeria eta utzikeria kulturalari erantzun irmoa eman nahi diona”, hain zuzen ere. Era berean, eragozpenik gabeko kulturaren jario librea eta sektorearen lan-baldintzen garapen eta hobekuntza bermatuko duten neurriak proposatu eta negoziatu nahi ditu plataforma honek. Bere helburuetako bat “gure lurraldeko gaur egungo bizitza kulturalean modu aktiboan parte hartzen duen arabar eta gasteiztar ororen partaidetza lortzea da, gure ustetan Arabako Kultur Sektore Garaikidea osotzen baitute, guk geuk bezala”, azaldu dute. “Gure asmoa artearen kudeaketa publikoaren eta gure lurraldeko kultura antolatzen duten erakunde publikoen aurrean mintzaide nagusiak bilakatzea da, Gasteizko eta Arabako politika kulturalen garapen egokia azpimarratzeko. Artea, kultura eta sorkuntza garaikidea osatzen dituzten sektoreak bultzatu nahi ditugu, eta horrela, pentsamendu ekoizpen eta lurraldeko kultura sustatuko ditugu”.

 

Arabako kultura eta artearen gizarte‐eragileak dira mahai hau osatzen dutenak, hala nola, bertan leku daukate eragile kultural eta artistiko garaikide guztiek (artistak, musikariak, aktoreak, galeristak, kultur‐eragileak, kritikoak, sortzaileak, kudeatzaileak, irakasleak, bildumagileak)eta kultura kontsumitzen duten guztiek ere. Helburua erakundeen eta politikoen aurrean indarrak batzea da, baita herritarrei zuzentzea ere, kulturaren aldeko kontzientzia sortzeko asmoz.

 

Mahaia atal ezberdinetan banatuta egongo da: Ikus‐arteak. Arte eszenikoak, Musika eta bertsolaritza, Literatura, Arkitektura, Zinema eta ikus‐entzunezkoak, Bitartekaritza, Publikoa… Hemendik aurrera, bere urratsak definitzen joango da plataforma, parte hartzaileek definitzen dituzten beharren araberakoak. Egitasmoa babesten duten pertsonen artean Artium eta Montehermosoko arduradunak, Karra Elejalde eta Gorka Aginagalde aktoreak edo Juan Ibarrondo idazlea aurkitzen dira. Guztira, 200 bat pertsona dira. Izaera autogestionatua izatea asmoa duen plataforma honek interesatuta dagoen jendea bertan e parte hartzera animatu nahi du.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago