Alavesen igoera ospatu zuten atzo Andre Mari Zuriaren plazan

Erredakzioa 2016ko mai. 31a, 09:52
Irudia: Quintas, Arabako Foru Aldundia

Alaves taldeko kideek eta zaleek  taldearen igoera ospatu zuten atzo Andre Mari Zuriaren plazan. Hamar urte ondoren, talde arabarra berriro ere izango da lehen mailan.

Urrun geratu da 2002-2003 denboraldia, Alaves Bigarren Mailara jaitsi zenekoa. Bolada txarra izan da gasteiztarrentzat azken urteotakoa eta ia erabat hondoratuta utzi zuen 2008-2009 urtean berriz ere maila galdu eta Bigarren B Mailara jaitsi behar izateak. Taldea desagertzear egon zen garai hartan zorrek eta ordu-arteko kudeatzaileek burututako lan negargarriagatik.

Gonzalo Anton, Dimitry Piterman eta konpaina ahaztuta, Josean Kerejetaren lan-taldeak hartu zuen proiektuaren gidaritza 2011ko ekainean eta kirol kudeaketan duen eskarmentuari esker, proiektua egonkortu eta jarraipen bat ematea lortu zuen. 2012-2013 sasoian lehen emaitzak jasotzen hasi zen talde gasteiztarra eta berriz ere zilarrezko mailara igotzea lortu zuen. Hiru urte behar izan dituzte azken jauzia emateko, eta azken urteetako amesgaiztoa atzean uztea lortu du azkenean.

 

Aurreikuspenak gaindituz

Denboraldi hasieran adituek ez zuten Alaves igoerarako prestatutako taldetzat aintzat hartzen; beste taldeetako jokalariek kalitate gehiago zuten ustez eta aurrekontu aldetik ere gasteiztarrak ez ziren igoerarako faboritoen artean ageri. Jose Bordalas entrenatzaileak izaera lehiakorra eman dio taldeari aurtengoan eta kalitatez horren nabarmenak ez diren jokalariei talde-lana eta konpromisoa ezarri dizkie gidalerro. Eguneroko lana oinarri hartuta, entrenatzaileak bere jokalariei urte osoan izandako gogo eta lehiarako kemena eskatu zizkien beste behin Numantziaren kontrako partidu erabakiorrerako. Partidu bezperan entrenatzaileak esan bezala taldearen, zaletuen eta hiri osoaren ilusioa zeuden jokoan eta taldeak ez zuen hutsik egin.

 

Eskerrak zaletuei

Kantu eta animo oihu artean, Andra Mari Zuriaren plazan jokalari guztiak joan ziren banan-banan mikrofonoa esku artean hartu eta zaletuei eskerrak ematen. Momenturik txarrenetan ere babesa eskaintzeko prest egon diren jarraitzaileak goraipatu dituzte taldetik urte osoan zehar eta ospakizun handiaren egunean ere merezitako tokia eskaini nahi izan zieten.

Plazan bizi izan ziren oroitzapenerako momentuen artean aipagarrienetakoa zaletuen eskutik etorri zen beste behin ere, iragan igandean Mendizorrotzako zelaian egin zuten bezala, Alfredo Donnay gasteiztarrak konposatutako Alavesen ereserkia aho batez abestu zuten plazan bildutako zaletu guztiek bufandak airean. Jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta herritar guztion artean ospatzeko eguna izan zen Andra Mari Zuriaren plazan bizi izan zena.

Egun bereziki gogoangarria gainera, aurtengo taldean jokatzeko aukera izan duten bi gasteiztarrentzat, Manu kapitainarentzat eta Gaizka Tokero aurrelariarentzat. Alavesen garairik zoriontsuenetan, UEFAko txapeldunorde izatera iritsi ziren 2001. urte hartan, Gasteizko ume guztiek bezala talde horretan jokatu eta tituluak irabazteko ametsa egi bihurtzea lortu baitute, batak zelaian taldeko gidaritza eramanez eta besteak golak emateaz gain, borrokarako berezko duen grina taldekideei kutsatuz.

 

ARGAZKI-GALERIA

 ALAVES OMENALDIA / HOMENAJE AL ALAVES

Erlazionatuak

Alaves berriz ere lehen mailan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2016 mai 29 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide