Talde gasteiztarrak bere esku zuen partidu hasieratik helburua lortzea, garaipena ziurtatzea besterik ez zuen eta horretarako prest azaldu da taldea lehen minututik. Lehenengo zatiaren erdialdera (21.min.) iritsi da lehen poza Manuk eskuratutako golari esker. Jokoan nagusi ziren babazorroak eta deskantsuaren aurretik aldea areagotzea lortu dute Raul Garciaren jaurtiketa eder bati esker (41.min). Aldageletarako bidea etxeko lanak eginda joan da Bordalasen taldea eta bigarren zatian emaitzari eustearekin nahikoa izan dute, ospakizunetarako garaia iritsi aurretik.
Azken urte gogorrak
Urrun geratu da 2002-2003 denboraldia, Alaves Bigarren Mailara jaitsi zenekoa. Urte gogorrak izan dira gasteiztarrentzat eta ia erabat hondoratuta utzi zuen 2008-2009 urtean berriz ere maila galdu eta Bigarren B Mailara jaitsi behar izateak.
Gaur gauzatu den ametsaren lehen urratsak 2012-2013 sasoian eman zituen Alavesek, berriz ere zilarrezko mailara igota. Hiru urte behar izan dituzte azken jauzia emateko, eta azken urteetako amesgaiztoa atzean uztea lortu du azkenean.
Nahi baina urte gehiago itxaron behar izan du talde gasteiztarrak berriz ere onenen artean bere tokia egiteko, baina azkenik lortu dute beren ametsa eta datorren urtean izan handien ligan lehiatzen arituko dira.
Talde sendoa
Denboraldi hasieran aditu guztiek ez zuten Alaves igoerarako prestatutako taldetzat aintzat hartzen; beste taldeetako jokalariek kalitate gehiago zuten ustez eta aurrekontu aldetik ere gasteiztarrak ez ziren igoerarako faboritoen artean ageri.
Jose Bordalas entrenatzaileak izaera lehiakorra eman dio taldeari aurtengoan. Kalitatez horren nabarmenak ez diren jokalariei talde-lana eta konpromisoa ezarri dizkie gidalerro, eta jasotako emaitzak ezin hobeak izan dira. Urte osoan zehar erakutsi duen sendotasunari esker, azken jardunaldiaren zain egon behar izanik gabe, igoera lortu du.
Lehen mailako zalegoa
Norgehiagoka erabakigarria 20:00etan hasi bada ere, zaletuek goiz hasi dute beraien partidua. Goizetik zaletuz josi dira Gasteizko alde zaharreko kaleak eta arratsalde partean Iraultza 1921 jarraitzaile taldeak antolatutako kalejiran abiatu dira jai-giroan Mendizorrotzako zelaira.
Sarrera guztiak salduta eta amestutako igoera ospatzeko gogoz, harmailetako giroa ikusgarria izan da. Luze joko du ospakizunak eta azken urteotako sufrimenduak atzean utziko dituzte babazorroek.
Argazkiak: Deportivo Alaves