Bihar, euskal sorkuntzaren jaia Laudion

Itsaso Estarrona 2016ko mai. 27a, 08:00

Jalgi ekimenak "egun handia" ospatuko du larunbatean, astebetez hirurogei jarduera baino gehiago egin ondoren

Larunbateko egitaraua Laudion:

10:00 Antzerki tailerra Metrokoadroka taldearekin, gaztetxean.

11:00 Porrotx pailazoarekin bideoklip baten grabaketa.

12:00 Haurrentzat zirko ikuskizuna Bapatean Zirko taldearekin, herriko plazan.

13:30 Parasite taldearen antzerki performancea Aldai plazan.

16:30 Dantza plazan, Aldai plazan. 

18:00 Haurrentzako Xilipurdi ikuskizuna herriko plazan.

18:30 Musika emanaldiak: Odei Barroso, Gorka Urbizu, Aguxtin Alkhat, Hesian, Anari eta Garilak 26. 

Eta gehiago...

Egitarau osoa, interneten: 

http://jalgika.eus

 

Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioan murgildu da aste honetan Aiaraldea: pasa den astelehenean hasita, hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan. Orain, astebeteko egitarauari bukaera emateko, "egun handia" ospatuko dute larunbat honetan Laudion.

Goizeko hamarretan hasi eta gauera arte, antzerkia, dantza, haurrentzako ikuskizunak eta musika emanaldiak eskainiko dituzte Aiaraldeko hiriburuan. Gaueko kontzertuetan, Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre, Uluka, Gorka Urbizu, Agustin Alkhat, Hesian, Anari eta Garilak 26 igoko dira oholtzara. 

Zortzi antolatzaile

Zortzi eragile daude "euskal kulturaren plaza ibiltari" berri honen atzean: Ahotsenea sortzaileen gunea, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea (EHAZE), Euskal Herriko Bertsozale elkartea, Aiaraldea Komunikazio Leihoa eta Topagunea –euskara elkarteen federazioa–, Jakin, Hik Hasi eta Sortzen Ikasbatuaz-ekin batera. 

Maiatzaren 23tik 28ra arteko programazio zabal honekin, euskal sortzaileak zertan ari diren erakutsi nahi izan dute Jalgiren antolatzaileek; edo, beste hitz batzuetan, "kulturgintza osoaren mapa  bat eskaini", talde sustatzaileko Gotzon Barandiaranek aleari azaldu dionez. Izan ere, hainbat gabezia antzeman baitituzte euskarazko kultur ekoizpenari lotuta. 

Sorkuntza bera da ahulgune horietako bat: "Ume garenetik eta helduarorainoko bidean, ez dugu sorkuntza modu iraunkor eta konstante batean lantzeko aukera sistematizaturik", azaldu du Barandiaranek. Horrez gain, bigarren bat nabaritu dute: "Kultur lanak aurkezteko dauzkagun plazak ez ditugu euskal produkzioak erakusteko erabiltzen, eta beste kultura batzuetako ekoizpenek hartzen dituzte espazio horiek". 

Komunikazioan aurkitu dute hirugarren arazoa: "Nabarmena da ez daukagula kultura espainol, frantses eta ingelesdunak daukan irismena, eta izugarri kosta egiten zaigula euskarazko sormen lanen berri ematea". Barandiaranen hitzetan, "euskaldunok guk geuk ere ez dugu ezagutzen gure kultur sorkuntza". Azkenik, transmisioan ere "kale egiten dugula" deritzote antolatzaileek. 

Estrategia komun bat

Antzeman dituzten gabezia horietatik, bi aukeratu dituzte aurtengo ediziorako: komunikazioa eta transmisioa. Horien inguruan proposamen zehatzak mahai-gaineratu nahi izan dituzte, eta horretarako jardunaldiak antolatu dituzte ostegun eta ostiralean Amurrion, hainbat arloko hizlariekin, tartean Unibertsitatea, kulturaren industria, hezkuntza, elkartegintza eta komunikabideak –baita alea ere–. Bertan proposatutako neurriak datorren urtebetean zehar jorratu nahi dituzte eragile gehiagorekin batera, "guztion artean euskal sorkuntzaren aldeko estrategia komun bat abiatzeko". 

Bitartean, larunbat honetan da euskaltzale eta kultur-zaleentzako hitzordua, goizez eta arratsaldez Laudion. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide