Euskarazko sorkuntzak Aiaraldeko bazter guztiak zipriztinduko ditu larunbatera arte: euskal kulturaren ikusgarritasuna aldarri, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa antolatu dute bertan, maiatzaren 23tik 28ra bitartean.
Hainbat eragilek abiatu dute "euskal kulturaren plaza" berria: Ahotsenea sortzaileen guneak, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak (EHAZE), Euskal Herriko Bertsozale elkarteak, Aiaraldea Komunikazio Leihoak eta Topaguneak –euskara elkarteen federazioak–, Jakin, Hik Hasi eta Sortzen Ikasbatuaz-ekin batera. Laguntzaileen artean alea aldizkaria dago ere.
Guztira, 65 kultur-jarduera antolatu dituzte eskualdean; bai Araban kokatuta dauden udalerrietan (Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo), baita Bizkaikoetan ere (Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo).
Ume, gazte eta helduentzat aurreikusita, askotariko agertokiak izango ditu Jalgik: eskolak, institutuak, plazak, kultur-etxeak, gaztetxeak, gaztelekuak, euskaltegiak eta elkarteak izango dira topaguneetako batzuk.
"Kulturgintzaren mapa"
Kultur-adierazpide guztietako ekitaldiek osatuko dute egitaraua. Modu horretan, Jalgira gerturatzen direnek "euskal kulturgintza osoaren mapa bat eduki ahal izango dute begien aurrean", talde sustatzaileko Gotzon Barandiaranek nabarmendu duenez.
Musikazaleentzat hogei kontzertu baino gehiago izango dira; tartean, Ruper Ordorika, Gorka Urbizu, Hesian, Xabi Solano, Joseba Tapia eta Anarirenak.
Literaturari dagokionez, idazle eta ipuin kontalari ugari arituko dira Jalgin: Mikel Ayllon, Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta, besteak beste. Izen ezagunak egongo dira, era berean, bertsolarien artean, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Serapio Lopez eta Oihane Perea arabarrak barne. Aipatutakoez gain, antzerkia, dantza, ikus-entzunezkoak eta arte plastikoetako sorkuntzek lekua izango dute Jalgin.
Gabeziei, aurre
Euskal kulturgintza zertan ari den erakusteaz gain, Jalgik badu beste erronka bat: "Euskarazko sorkuntzarentzaren alde, estrategia komun bat" abiatzeko lan egitea. Lau gabeziari aurre egin behar zaiela antzeman dute sustatzaileek: sorkuntza arloan hutsuneak, euskarazko sormen lanak aurkezteko plaza falta, komunikazio arazoak eta transmisio eza. Azken bi horiek aukeratu dituzte Jalgiren lehenengo edizio honetarako: komunikazioa eta transmisioa, hain zuzen. Horiek ardatz, bi eguneko jardunaldiak antolatu dituzte Refor Amurrio enpresaldean, maiatzaren 26an eta 27an.
Gogoeta saioetan landutako proposamenak ez dira bertan geratuko, Gotzon Barandiaranek aurreratu duenez: "2017ko Jalgira bitartean landuko ditugu; aurtengo sustatzaileen artean, eta ondoren batuko zaizkigunenekin batera, urteko plangintza bat egin nahi dugu, proposatutako neurri zehatz guztiak nola gauzatu diseinatzen hasteko".
Egun handia, 28an
Proposamenetarako jardunaldien ondoren, Jalgiren egun nagusia izango da Laudion maiatzaren 28an, larunbata. Goizeko hamarretatik gauera arte, hamabost ekitaldi baino gehiago egongo dira Aiaraldeko hiriburuan.
Informazio gehiago: Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria