Baskoniako jokalariek ez dute lehiatzeko beharrezko tentsio eta motibazioa topatu Berlinen. Ostiraleko porrotak min egin zuen jokalarien animoetan eta Lokomotiv-en kontrako partiduan ez dute ohiko joko maila erakutsi ahal izan.
Saskibaloi kaskarra izan du gaurko partiduak eta errusiarrek partidua irabazteko gogo gehiago erakutsi dute. Gasteiztarrek ez dute defentsan beharrezko tentsio maila ezarri eta hirugarren laurdenetik aurrera Krasnodar hiriko taldeak markagailuan bere errenta areagotzea lortu du.
Gasteiztarrak jai-giroan nagusi
Partidurik irabazi gabe alde egin behar izan du Baskoniak aurtengo final-fourretik baina Baskoniaren zaletuek beren arrastoa utzi dute saskibaloiaren jai nagusian.
Partidua erabakita eta jokalariak etxera bueltako bidaian pentsatzen hasiak ziren bitartean, gasteizko zalegoak erakustaldia eman du Mercedes-Benz Arenan, jokalariei urte osoan zehar egindako esfortzua eskertuz.
Ohiko abesti eta kantak etengabe entzun dira bukaera arte eta beste taldeetako jarraitzaileak erabat harrituta geratu dira porrota “ospatzeko” erakutsi duten grinarekin. Arabatik Berlinera joandako jarraitzaileek argi dute honaino iritsi izana sari ederra izan dela eta badaudela zer ospatzeko arrazoiak. Azken finean Europa mailan saskibaloian dagoen jai handienera etorri eta Fenerbahce edo beste taldeetako jarraitzaileak Baskoniaren aldeko abestiekin dantzan ikusteak bidaiak merezi izan duela erakusten du.