Baskonia Final Fourrean

Berlin hartu dute Baskoniazaleek

Erredakzioa 2016ko mai. 13a, 12:29

Argazkia: Iñaki Larrea

Baskoniazale ugari gerturatu dira Berlinera. Han dauden hiru gasteiztarren testigantzak jaso ditu ALEAk, Iruri Knörr-en eskutik. Emozioa, zirrara, zaletasuna, indarra. Finean, Baskonia.

1.-Nolako giroa topatu duzu Berlinen?

2.-Baskoniazale bezala, nola bizi izan duzu orain arteko bidea?

3.-Irabazten badu, nola ospatuko duzu? Zer suposatuko du?

4.-Eta galtzen badu…

 

 Arnaitz Gorriti

1.-Kontuan izan lanera etorri naizela. Beraz, desberdin bizi dut. Baina egia da aurreko urteekiko ilusio handiagoz bizi duela jendeak. Irabazteko baino, gozatzeko etorri dela.

Berlin handia da oso, eta eremu askotan ez dela igartzen Final Fourra denik. Erdialdean, ordea, gero eta gehiago. Asteburu luze eta ederra izan behar du.

 2.-Ezustean eta ilusioz. Urte grisak pasa ditugu, tristeak. Eta orain, aldiz, suziria piztu da. Non lehertzen den da kontua.

3.-Lan bikain baten amaiera eta aro berri baten hasiera onena, Euroliga berria hastear dela.

 Nola ospatuko nukeen? Ez naiz inoiz izan Andra Mari Zuriaren plazan.

 4.-Atenas 2007 mugarria izan zen, "nire lehenengo Final Fourra" eta zaleen aldetik egundoko desengainua. Lehiatzea ez da irabaztea. Kirolak porrota ere beregan du. Baskoniak hau ulertu du azkenean. Bada, irabaziko ez balu, penarik ez. Final Fourra da gure garaipen handiena!

 

Iñaki Larrea

 1.- Momentuz giro ezinhobea dago Berlinen. Ikusgarria. Nabari da guztiok ondo pasatzeko gogoz gaudela. Atzo hasi ginen giroa berotzen.

 2.-Egia esan, denboraldi bikaina bizi izan dugu. Taldea saskibaloi bikaina egiten ari da eta berriz ere Europako onenen artean kokatu du baskoniartasuna.

 3.-Final Fourra irabaztea garaipen historikoa litzateke.  Beste batzuetan oso gertu egon gara lortzetik eta aurten beste aukera bat daukagu. Egia esan, ez dut oraindik sinisten…

 4.-Irabazten ez badu pentsatu beharko dugu honaino heltzea  garaipen bat dela, eta ederra litzatekeela urtero heltzea. Eta, jarraian, burua playoffetan jartzera, hor ere asko esateko dugulako.

 

Zuriñe Eguiluz

 1.- Ospakizun handietakoa. Kopa baten modukoa, baina gogo handiagoarekin gainera. Ilusio handiarekin gaude guztiok ezustean harrapatu gaituelako, eta presiorik gabe, baina mundua harritzen jarraitzeko prest…

 2.-Bidea… samurra. Ez da arantza gehiegirik egon aurten. Uste dut guztientzat izan dela sorpresa bat bestearen atzetik, ezinezkoak ziruditen partidak irabaztea, lesioekin, arerio gogorrekin… Bidea asko disfrutatu dugu eta bide amaiera ere asko disfrutatzea espero dugu!

 3.- Azken urteetan “ukatu” digutenaren aitortza modukoa da. Mahai gainean ukabilkada eman eta “hemen gaude” esango dugu, baina benetan gaude eta geratzeko etorri gara. Saskibaloiaren handitasuna erakusten du honek.  Talde txiki bat handienera heldu daitekeela… Eta ospakizuna, oraindik ez dakit. Paoren kontrako azkeneko partidan “porta zaitez Sanpru” bota nion gure santuari, eta ondo portatzen bada bisitaren bat egin beharko diogu.

4.-Irabazten ez badu ez da ezertxoere gertatuko. Bidea ikusgarria izan da, eta hau hasi aurretik esaten badigute begiak itxita sinatuko genuke. Nire taldeari eskatzen diot lehiatzea, beti. Eta galtzen badu, dena eman du eta ezin zaio gehiago eskatu; eta ziur naiz dena emango duela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago