Baskonia Final Fourrean

Nekeak mendean hartu zuen Baskonia luzapenean

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2016ko mai. 14a, 11:23

Hil ala biziko partidua zen Fenerbahceren kontrakoa eta Baskoniak bere adore eta kemena erakutsi zuen azken txanpa arte, baina luzapena gehiegi izan zen gasteiztarrentzat (88-77).

Partidu hasi eta berehala utzi zuen argi talde turkiarrak atzokoa ez zela jolasa, bi minutu eskas besterik ez zituen behar izan Fenerbahcek markagailuan 10-0ko partziala jartzeko. Turkiarren entrenatzaileak argi zuen Baskoniaren joku antolatzaileak estutu eta barnealdean joko gogorra planteatzea izan behar zirela garaipenerako bidea eta ondo ikasita zuten jokalari turkiarrek lekzioa.

Baina aurtengo Baskoniak behin eta berriro erakutsi du urte osoan zehar ez dela erraz kikiltzen den taldea. Jokalari gazteek garaipen gosea daukate eta Bourousis bezalako beteranoek badakite zer den maila honetako partiduak jokatzea, greziarrak iaz lauko finala irabazi zuen Real Madrilekin jokatzen eta atzoko lehen laurdenean berak hartu zuen taldean erantzukizuna.

Pixkanaka talde gasteiztarra bere jokua egiten hasi zen eta atsedenaldira iritsi aurretik ordu arte kateatuta ibilitako Darius Adams antolatzaileak bere erakustalditxoa egin zuen bi hiruko eta saskiratze bat lortuz. Minutu askotan zehar sufritu arren, markagailuan gerturatzea lortu eta aldageletarako bidea puntu bakar bateko diferentziarekin hartu zuten taldeek (41-40).

Bigarren zati zirraragarria

Hirugarren lardunean saskibaloi zaletuek gozatzeko moduko jokoa erakutsi zuten bi taldeek, defentsa gogorrak, eraso ikusgarriak, tentsioa eta lehia bizia. Bi taldeak nor baino nor ari ziren kantxan eta Baskoniak lehendabizikoz hartu zuen aurrea markagailuan. Garaipena bietako edozeinen esku gera zitekeela argi geratu zen eta 55-57ko markagailuarekin ekin zioten partiduaren azken laurdenari.

Momentu beroetan agertu ohi dira jokalari handien dohainak eta Bourousis greziarrak garaipenerako bidea zein zen erakutsi zien taldekideei, zaletuen MVP-MVP ohiun artean. Mercedes-Benz Arenan gehiengoa ziren 6.000 turkiarrek lehendabizikoz ikusten zuten Baskonia ez zela pronostikoek hasiera batean esaten zuten bezain arerio erraza eta garaipenak alde egin zezakeela ikusten hasi ziren. Turkiarren aldetik ere bere izar nagusiak hartu zuen erantzukizuna eta Veselyk sei puntu jarraian eman zizkion bere taldeari, Baskonia markagailuan aldentzea eragotziz.

Baskoniak uste baino eskurago zuen garaipena eta azken 2 minututan 5 puntuko aldearekin sartzea lortu zuen. Tamalez, saskibaloian segundo gutxi batzuk nahikoa izaten dira partiduari bueltan eman eta gauzak parekatzeko. Azken jokaldiak ez ziren behar bezala landu, nekea sumatzen hasiak ziren jokalari gasteiztarrak eta defentsa ahul batek turkiarrei markagailua berdintzen utzi zien. Azken jokaldian 25 segundo eta baloia Darius Adams-en eskuetan. Antolatzaile estatubatuarrak erantzukizun guztia bere gain hartu zuen eta azken hiruko jaurtiketa batekin erabaki nahi izan zuen norgehiagoka. Jaurtiketa ez zen ona izan eta partidua luzapenera joan zen.

Luzapenean amore eman beharra

Luzapenean, ordu arte egindako lanak sari gutxi eskaini zion talde gasteiztarrari. Fenerbahceko jokalariak osoago iritsi ziren partida bukaerara eta Zeljko Obradovic maisuak, bere eskarmentua erakutsi zuen. Argi dago 8 euroliga irabazita dauzkan entrenatzaileak badakiela zer egin horrelako egoeratan. Epaileen gainean presioa egin zuen eta beste inori onartuko ez zizkioten imintzio eta keinuak egin zituen behin eta berriz. Egia da epaileek zalantzagarriak izan ziren erabaki pare bat hartu zituztela, baina ez dago aitzakiarik. Partiduak kantxan irabazi beharra dago eta atzokoan urte gutxi batzuk barru izan handien artean kokatuko den Bogdan Bogdanovic gaztea agertu zen. Baskoniako jokalariak nekeak jota eta erasoan erabaki zuzenak hartzeko gai ez ziren bitartean, 23 urteko hegaleko serbiarrak erakustaldi itzela eman zuen. Gustoko ditu jokalari honek partidu bukaera beroak eta atzokoan berezko duen garaipen sena Baskonia garaitzeko nahikoa izan ziren, 9 puntu luzapenean.

Talde gasteiztarrak eskura izan zuen garaipena, baina partidu bukaera luze egin zitzaion eta amore eman behar izan zuen. Ez da etsipenerako porrota, Europako lau talde onenen artean egotea sekulako meritua da eta egindako lanarekin harro egoteko arrazoiak badauzka talde gasteiztarrak.

 

 

Erlazionatuak

Berlin hartu dute Baskoniazaleek

Erredakzioa 2016 mai 13 Araba

Baskoniaren azken urratsa

Aritz Martinez de Luna 2016 mai 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago