Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Saski Baskoniak indarrak batu dituzte eta akordioa sinatu dute, datorren asteburuan Berlinen jokatuko den Final Four-ean Gasteiz eta Araba presente egon daitezen. Besteak beste, erraldoiek Alemaniara bidaituko dute eta bertan, Berlingo kaleak zeharkatuko dituzte, green kamisetak jantzita eta dultzaineroen musikaz lagunduta.
Kamisetak eta topagunea
Gaur erakundeek saski baloi taldearekin sinatu duten akordioari esker, Laboral Kutxa Baskoniako jokalariek kamiseta bereizgarriak erabiliko dituzte torneoan. Zaleek, bestalde, egunerako propoio sortutako Visit Araba-Alava leloa izango dute kamisetan.
Era berean, Berlinen topaketa gune bat izango dute arabarrek. Bertan Final Four Berlin ‘16ren photocall ofiziala jarriko da, hor elkartuko diren Baskoniaren jarraitzaileak eta beste taldeen jarraitzaileak ere argazkiak atera eta sare sozialetan elkarbanatzeko. Horretarako bi traola izango dira, #AlavaINBerlin eta klubaren #WhyNotBaskonia.
Pantaila erraldoia Mendizorrotzan
Gasteizen geratzen diren zaleek finala Mendizorrotzako polikiroldegian jarriko den telebista pantaila erraldoian ikusteko aukera izango dute. Zuzenean ikusiko da Laboral Kutxa Baskonia eta Fenerbahceren arteko partida eta talde gasteiztarra finalera heltzen bada, partidu hori ere bertan ikusi ahal izango da. Sarrera dohainik izango da, dauden 3.000 lekuak bete arte.