Baskonia Final Fourrean

Baskoniaren azken urratsa

Aritz Martinez de Luna 2016ko mai. 13a, 10:18
Bourousis Panathinaikosen kontrako kanporaketan

Iritsi da eguna, Baskoniak eskura dauka urtean zehar lortutako garaipenei jarraipena eman eta kontinente zaharreko talderik onena izateko aukera.

Denboraldi osoan zehar egindako lanak amestutako tokian utzi du Gasteizko taldea, Europan saskibaloian lor daitekeen garaipen handienaren atarian. Orain arte lortutakoaren meritua ukaezina bada ere, zailena egiteko dago eta azken urratsa egin beharra dauka Baskoniak.

Denborak aurrera egin ahala inork gutxik gogoratzen du nor iritsi zen finalaren atarira edo zein talde geratu zen bigarren sailkatua. Kirolaren tiranotasuna. Garaileak bakarrik izango ditu jendeak gogoan eta historia liburuetan Baskoniaren izena lehen aldiz idazteko aukera berri bat daukate gasteiztarrek. Bosgarren saiakera izango da aurtengoa, atzean geratu dira Mosku 2005, Praga 2006, Atenas 2007 eta Madrid 2008ko porrot gazi-gozoak.


Fenerbahce aurkari

Finala jokatu aurretik azken aurkari bat gailendu beharra daukate arabarrek, bere zorroan 8 Euroleague titulu gordeak dituen Zeljko Obradovic azeri zaharrak zuzentzen duen Istanbulgo Fenerbahce (ostirala, 21:00etan). Aurrekontu potoloa oinarri, lehen mailako izarrez osatutako taldea da turkiarra. 2015-2016 denboraldi honetan talde lehiakorra osatu dute eta beste inork baino garaipen gehiago lortu ditu Fenerbahcek sasoi osoan zehar (19 garaipen – 5 porrot). Harrotuta etortzeko arrazoiak badauzka talde turkiarrak gainera, egungo txapeldun den Real Madrili final-laurdenetan hiru partidu jarraian irabazi zizkion eta merezimendu osoz iritsi da Berlinera. Ekpe Udho estatubatuarra, Luigi Datome hegaleko italiarra, Bogdanovic gaztea edota azken boladan baja izan den Jan Vesely izan dira aurten jokalari baloratuenak, baina talde honen indarra lantaldean oinarritzen da eta edozein jokalarik har dezake erantzukizuna. Arerio gogorra, zalantzarik gabe.

Beste norgehiagokan finalerako bigarren postuaren bila bi talde errusiar arituko dira, ohiko gonbidatua den Moskuko CSKA boteretsua eta lehendabizikoz final four batean izango den Krasnodar hiriko Lokomotiv taldea (ostirala, 18:00).


Merezitako saria

Ezin esango du inork Baskonia Berlinera ekarri duen bidea erraza izan denik, lehen mailako taldeak bide bazterrean utzi ditu eta faborito papera zuten talde asko atzean geratu dira. Baskoniak egindako jokua goraipatzekoa izan da urte osoan zehar eta aurrekontu handiko beste taldeek baino jokalari kopuru murritzagoa badu ere, estatistikek erakusten dute talde gasteiztarraren lana.

Berlinen elkartuko diren lau taldeen artean Baskonia izan da denboraldi osoan errebote gehien jaso dituena edota jaurtiketa libreetan portzentaje onenak lortu dituena. Gainera, Bourousis 8,85 erreboterekin alderatze gehien jasotzen dituen jokalaria izan da eta denboraldiko bosteko oneneko kide izendatu berri dute. Adam Hanga, berriz, Berlinen elkartuko direnen artean, baloi gehien lapurtu dituena. Zifrek erakusten dute, gasteiztarren indargunea defentsa sendo batean oinarritu dela urte osoan zehar eta hori izango da oraingoan ere finalera iristeko giltzarria.

 

Zaletu gasteiztarrak, Berlinen

Jokalariak ez dira bakarrik izango Alemanian, beti taldeari babesa eskaintzeko prest dauden zaletuak ere bertan izango dira. Gasteiztik mila lagun inguru bertaratuko dira Zurbaon ohikoak diren kantak Mercedes Benz Arenan abestera. Galdu edo irabazi, Baskoniak beti izango ditu zaletuak babesa eskaintzeko prest eta jai girorik ez da faltako.

 

 

Erlazionatuak

Berlinera bidean

Aritz Martinez de Luna 2016 api 20 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide