Arabako Inauteriak 2016

Lurdes Lekuona, Arabako Herri Inauteriak elkarteko presidentea: "Inauteriek herria batzen dute"

hirinet 2016ko urt. 26a, 10:28

2015ean gizateriaren ondare ez-materiala izendatu zituzten Arabako herri inauteriak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk hauen erregistroa eta katalogazioa egin ostean.

Lehengo inauteriak berreskuratzea bi arrazoigatik ikusten du garrantzitsu Lurdes Lekuona Arabako Herri Inauteriak elkarteko presidentea: “Gure kulturako parte garrantzitsua direlako eta, gainera, ospakizuna antolatzeko herritarrek egiten duten auzolanak herri horiek berpizten laguntzen duelako". Izan ere,  2015ean Eusko Jaurlaritzak eta EHUk Arabako herri inauterien erregistroa eta katalogazio lana egin dute.

 

Zer da zehazki egin dutena?

Eusko Jaurlaritzak eta UNESCOren Kultur Paisaia eta Ondarea Katedrak elkarlanean buruturiko katalogazio lanaren aurkezpena 2015eko ekainean egin zen Arabako Campusean. Euskadin administrazioak katalogatu duen lehen kultur adierazpen ez-materiala da eta ondoren egingo diren azterketetarako pilotu gisa balio izango du.

Lehen ikerketa honek Arabako herri inauterietan du ardatza, eta horietan guztietan garrantzia berezia hartzen dute honako udalerri hauetan egiten direnek: Zalduondo, Asparrena (Ilarduia, Andoin eta Egino), Kuartango, Kanpezu eta Salcedo. Ikerlanean 126 inauteri atzeman eta dokumentatu dira Araban. Katalogazio mota honen berezko ezaugarria da, kultura adierazpen biziak izaki, ondare horri bizirik eusten dion komunitatearengandik egin dela zuzen-zuzenean datu-bilketa, hala nola, herrietan, bertako biztanleengandik eta elkarteengandik. Festa hauen inguruko berezitasun, erritual, prozesu edo ondasun materialei buruzko informazioarekin fitxak osatu dira, eta multzoaren analisira lehen hurbilketa egin da, inauteri batzuen eta besteen arteko berdintasun eta desberdintasunak jasotzen dituen kartografia barne.

 

Arabako herri inauteriak ondo ezagutzen dituzu. Zein da jai horien eta hirikoen arteko desberdintasun nagusia?

Biak jaiak dira eta oso ondo daude, jaiak egiten diren bitartean herria bizirik dago eta! Dena den, ospatzeko bi era desberdin dira. Herri inauterietan, erritua da alderdi nagusietako bat. Antzinetik ospatzen dira eta normalean herritarren artean antolatzen dira, auzolanean. Aldiz, hirietako inauterietan udalek antolatzen dituzte egitarauak, nahiz eta jaian elkarte herrikoiek protagonismo handia izan ere. Hirien kasuan, ikuskizuna eskaintzea da helburuetako bat: koloreak, ikusgarritasuna eta ikusle multzo handia elkartzea bilatzen da. Osagarriak dira biak.

 

Eta gune urbanoetan, Gasteizen adibidez, nolakoak ziren lehen inauteriak?

Esango nuke oraingoekin antzekotasun handia zutela, baziren karrozen desfileak, baziren ere garrantzia handia zuten festa eta dantzaldi pribatuak, Casino Artista Vitorianon edo Circulo Vitorianon ospatzen zirenak, eta baita Plaza Berrian egiten ziren dantzaldiak. Musikari dagokionez, abesti batzuk mantendu dira: Los pintores de Vitoria, Antes no había más mujeres trabajando que naiperas y saqueras…

 

Arabako ohiturek antzekotasun handia dute Euskal Herriko beste herri batzuetako tradizioekin, noski, baina berezitasunen bat al dute lurraldeko karnabalek?

Denek dituzte berdinak diren elementu jakin batzuk, baina aldi berean denak dira desberdin. Gehienetan pertsonaia nagusi bat dute, herrian gertatzen diren gauza txarren erruduna, gaizki amaitu ohi duena. Saratsun Porreteroa dago, lastozko panpina; epaitu eta gero, jipoitzen dute, eta garbitokiko teilatura botatzen dute putreek jan dezaten. Santikurutze Kanpezun, Toribio dute, lastozko panpina; katxiruloek makila batetik zintzilik daramate eta, epaitu eta gero, Ega errekara botatzen dute. Kuartangon, inauteriak Agate Deunarekin batera ospatzen dituzte, eta bertako pertsonaiak hauexek dira: porreroak, hartza, zakuekin jantzitako maskaratuak, errautsa botatzen duen pertsona eta Arrianoko atsoa. Ilarduian, Egino eta Andoinen, lastozko gizona da protagonista eta, nola ez!, bera ere erretzen dute. Zalduondon Markitos dago, oso gizon dotorea, trajez jantzita, hamahiru arrautzeko lepokoa soinean. Herritik ibili eta gero, makil luze baten puntan jarri, sermoia irakurri eta erretzen dute.

 

Zergatik da zure ustez garrantzitsua lehengo jai horiek berreskuratzea?

Gure kulturako parte garrantzitsua dira eta, ez baditugu berreskuratzen, betirako galduko dira. Gainera, jaiak berreskuratzea tresna erabilgarria izan daiteke herri horien bizitza eta nortasuna berpizteko. 

 

Arauak apurtzeko tartea ziren lehen inauteriak. Gaur egun erlijioak gizartean pisua galdu duen arren, badirudi inauteriak lehen baino diziplinatuagoak direla…

Bai, ematen du lehen inauteriak basatiagoak zirela eta orain astakeria gutxiago egiten direla. Gaur egun transgresioa ematen bada, normalki janzkeran edo portaera desinhibituagoan izaten da. Bizimodua aldatzen den heinean, jaiak ere aldatzen dira. Dena den, boterea, politikariak, eliza… kritikatzeko aukera ederra dira, eta eguneroko lotsa gainditzea ere onuragarria da denentzat...

 

 

 *2015eko otsailaren 6an Arabako Alea aldizkarian argitaratutako elkarrizketaren egokitzapena.

 

Erlazionatuak

Arabako Herri Inauteriak

Erredakzioa 2016 urt 26 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago