Tubos Reunidos Premiun Threadseko (TRPT) langileek salatu dute azaroko nominarik gabe geratuko direla. Hala jakinarazi die PKF Attest konkurtso administratzaileak mezu elektroniko baten bidez, enpresaren likidezia falta aipatuz, kobratzeko eperik edo bermerik zehaztu gabe. Tubos Reunidos taldeko hiru lantegietatik, Langraizekoa izango da azaroko nomina epe barruan jasoko ez duen bakarra.
Batzordeak azpimarratu du jasotako abisuak talka egiten duela Tubos Reunidosek azken asteetan zabaldutako jarduera komertzialarekin. Batetik, taldeak 26 milioi euro inguruko eskaerak lortu zituen urrian, Amurrioko eta Trapagako lantegietan. Bestetik, azaroko lehen astean iragarri zuten 3.100 tonako beste eskaera bat itxi zutela Amurriorako. Ordezkaritza sindikalak onartzen duen arren eskaera berri horiek ez dakartela berehalako likidezia eta ez dutela berez soldaten ordainketa bermatzen, gogorarazi du TRPT (Langraizeko enpresa) Tubos Reunidos taldearen menpe dagoela guztiz, eta gardentasuna exijitu du hiru sozietateen kutxaren eta ezarritako irizpideen inguruan.
Gainera, plantillak kritikatu du horrelako erabaki bat mezu elektroniko hutsez jakinarazi izana, azalpen zuzenik eta aurreikuspen zehatzik gabe. Langraizeko langileek gogorarazi dute hilabeteak daramatzatela ziurgabetasun egoeran, bertako ekoizpen unitateen salmentak eta balizko enplegu suntsiketak direla eta. Horregatik salatu dute ez ordaintzeak dagoeneko zigortuta dauden langileak kolpatzen dituela.
Batzordeak kudeaketa ekonomikoei buruzko azalpenak eskatu dizkio PKF Attesteko Iker Filloy administratzaileari. Bestalde, inplikatutako erakunde publikoei beste aldera ez begiratzea eskatu diete, egoerak eragiten baitie eskualdeko dozenaka familiei zein bertako industria ehunari.