"Tubos taldeko enpresa txikiena izanda, gu gara ezabatzeko errazena"

Zuriñe Prieto Gallego

Olatz Garcia Ortega, Langraiz Okako Tubos Reunidoseko langilea. EKAITZ ANDA

Tubos Reunidos enpresako Amurrio, Trapaga eta Langraiz Okako lantegiak ixteko arriskuan daude. Azken hau, batez ere. Hartzekodunen konkurtsoa ekainetik martxan dago eta, momentuz, inbertsore gutxik erakutsi dute interesa Langraizeko lantegian. Tubos Reunidosek SEPIrekin duen 150 milioi inguruko zorrak oztopatzen ditu negoziaketak.

Olatz Garcia Langraizeko lantegiko langilearekin hitz egin dugu.

Nola deskribatuko zenuke une honetan Langraizko lantegiaren egoera orokorra?

Larria, otsailetik daramagu eskaririk gabe, etsigarria da. Egunero lantegira sartu eta dena geldirik dago, zaratarik gabe… materiala kentzen ere hasi dira jada. Goibel dago jende guztia, ez delako ezer ekoizten. Ez dugu eskari berririk, erosleek ez dutelako arriskatu nahi, enpresa hartzekodunen konkurtsoan egonda, ez du konfiantzarik ematen, ulergarria da.

Zeintzuk dira langileen aldarrikapen nagusiak?

Funtsezkoena azaroko soldatak ordaintzea da, dagoeneko esan digutelako azarotik aurrera ez dugula kobratuko; eta, bestetik, enplegua mantentzea. Trapagan zein Amurrion enpleguari eusteko ahalegin guztia egiten ari dira. Gure kasuan, hartzekodunen konkurtsoa amaitu gabe ere enpresa itxi nahi dute. Langileok azken unera arte borrokatzeko prest gaude eta itxiera planteatu aurretik bide guztiak agortzea eskatzen dugu.

Instituzioek babesa ematen dizuetela sentitzen duzue?

Gurekin ez dira bildu, pixka bat abandonatuta sentitzen gara. Instituzioak mugitzea behar dugu, batez ere zerbait egitea SEPIren zorrarekin. Duela gutxi Langraizeko Udala harremanetan jarri zen gurekin, baina oraindik ez gara bildu. Orain hauteskundeak datozenez, alderdiren bat mugitzen hasi da pixka bat…

Zer nolako eragina izan dezake zonaldean Tubos Reunidos ixteak?

Azkenean, 60 langile gara, 60 familia, eta oraintxe bertan kalte ordainik eta ezer gabe geratzeak oso egoera zailean jartzen gaitu denok. Badakigu Tubos Reunidos taldeko enpresa txikiena izanda, gu garela ezabatzeko errazena, baina Langraiz ingurua ere kaltetuta geratuko da.

Nazioarteko klima ezegonkorra, Trumpen arantzelak… Zer eragin izan du horrek lanean?

Arazo batzuk egon dira eskaerak lortzeko, baina, adibidez, Amurrioko lantegia lanean ari da Estatu Batuetarako. Orduan, zergatik guk ez dugu lortzen merkatu hori hartzea? Arantzelek eragin dute, baina askoz gehiago eragin du ondo kudeatu ez den SEPIren zorrak. Hor jartzen dugu fokua.

Lantegi barruan nolakoa da giroa? 

Oso zaila, muturreko egoera da. Azarotik aurrera ez kobratzea, familia guztiek ezin dute hori jasan, eta horrek etxean ere eragiten du. Azkenean, suminkorrago zaude, eta horrek ekartzen du etxekoekin ere ordaintzea eta gaizki pasatzea; oso konplexua da. Eta gero, fabrikan lanik gabe egoteak, burua okupatuta eduki gabe, oso gogorra da psikologikoki.

Zein da gaur egungo egoera enpresako zuzendaritzarekin?

Une honetan harremanak pixka bat geldituta daude; bilera bat eskatu genuen eta momentuz ez dute erantzun. Beraz, zain gaude ea zuzendaritzak batzordearekin bildu nahi duen. Duela aste batzuk bildu gintuen EEE bat planteatzeko, aukerarik onena zela sinetsarazten saiatzeko. Guk argi dugu ez dugula itxierarik nahi. Ulertzen dugu zorra oso handia dela, baina zuzendaritzak gaizki jokatu du, diru bat jaso zuelako eta ez dakigulako oso ondo zer gertatu den diru horrekin. Kudeaketa horretan langileok ez dugu errurik. 

Langraizeko lantegikoak bilera garrantzitsu batera deituta zeundeten, baina azkenean ez.

CAP Capitalen bilera baterako deituta geunden hiru lantegiok, baina azkenean kanpoan utzi gintuzten. Beste bi enpresak erosteko hasieran antzeztu behar izan zuten gurea ere nahi zutela, baina ez zuten benetako interesik gugan. Amurrio eta Trapagako lantegiak soilik interesatzen zaizkie. 

Konponbide bideragarririk ikusten al duzue oraintxe bertan?

Langraizeko enpresa 2016an ireki zen, nahiko berria da; funtzionamenduan jarraitzeko guztiz prestatuta dago, eta langileok ere bai. Gure denbora eta ahalegina eskaini dizkiogu enpresa honi, eta gustatuko litzaiguke norbaitek aukera ematea lanean eta hazten jarraitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago