Gazteen hitzordua hegaztiekin

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2026ko uztailaren 16a

Goiz bat Espejoko Omecillo ibaiaren ertzean ematen dute urtero Euskalaka udalekuetako gazteek.Txepetxa elkartearen eskutik ikasten dute hegaztiei eraztunak zergatik eta nola jartzen zaizkien.

Hamabost espezie desberdinen 75 hegazti harrapatu dituzte astearte honetan Espejoko Omecillo ibaiaren bazterrean goizeko lehen orduan jarri dituzten sareetan. Horietatik bik eraztuna zutenez, guztira 73 hegazti eraztundu dituzte. Gehienak txinbo kaskabeltzak, txirriskilak eta zozoak, baina kardantxiloak eta martin arrantzaleren ale bat ere gertutik ikusteko eta eskuen artean izateko aukera izan dute zientifiko gazteek.

Klasiko bat da hegaztien eraztunketa saioa Euskalakako udalekuetan. Arabako Foru Aldundiak eta GEU Elkarteak antolatzen dute aisialdia, natura eta euskara nahasten duen udalekua, eta Txepetxa elkarteak zortzi urte daramatza eraztunketa zientifikoaren sekretuen inguruko klase praktikoak eskaintzen Espejoko aterpetxeko gazteei.

"Fauna aztertzeko metodo zientifikoa zer den erakusteko  helburua du saioak"

Azaitz Unanue Txepetxa elkarteko kideak azaldu duenez, hasieran Espejoko ibaiaren igerilekuetan antolatzen zuten eraztunketa saioa, baina mugitu behar izan zuten zuhaitzak moztu zituztenean. "Fauna aztertzeko metodo zientifikoa zer den erakusteko helburua dute eraztunketa saio hauek; biologia, ingurumena eta ornitologia gazte jendeari hurbiltzeko modu erakargarria da, oso aukera gutxi izaten dituztelako hegaztiak horren gertutik ikusteko eta eraztuna ipini ondoren askatzeko".

Astero, Omecillon

Txepetxako kideek gazteekin egiten duten Espejoko udako saioa duela bi urte hasi zuten Omecilloren ertzean, hegaztien eraztunketa zientifikoaren programaren atal moduan.

Izan ere, gaur gazteak egon diren toki berean, astero, urte osoan, sareak jarri eta harrapatutako hegaztiei eraztunak ipintzen dizkie Jordi Gomez ornitologo adituak eta ALEAko kolaboratzaileak. Hegaztien populazioak, migrazio ibilbideak eta espezie desberdinen biziraupena ikertzeko Aranzadi Zientzia Elkarteak duen programaren baitako jarduera da. 

Argazkiak: PHOT.OK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago