Hasierako programan aurreikusita bazegoen ere, azkenean Ikusgunek ez du parte hartuko larunbat honetan Pobesen egingo duten Añanako LGTBIQ+ Pertsonen Aniztasunaren Aldeko I. Topaketan. "Ez erabilitako moduak, ez proposatutako eredua ez datoz bat Ikusguneren lan egiteko moduarekin", esan dute.
Gainera, ekitaldiaren behin betiko planteamendua bere lana gidatzen duten printzipioetatik "urrundu" egin dela uste du Ikusgunek. "Horregatik, eta benetan sentitzen badugu ere, datorren uztailaren 18rako aurreikusita dagoen jardueran ez parte hartzea erabaki dugu".
Eredu parte hartzailea
LGTBIQ+fobiaren Aurkako Behatokiak joan den astean jakinarazi zien Añanako Kuadrillari eta udal guztiei ez zutela parte hartuko programan. "Topaketa honek Kuadrillako udalen arteko adostasun handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baita politika publikoetan isla izango lukeen eredu parte hartzaile baten alde egitea ere", esan dute.
Ikusgunek argi utzi du topaketaren inguruko erabakiak ez duela inola ere aldatzen Añanako Kuadrillarekin eta bertako udalerriekin duen konpromisoa. "Gure esperientzia zuen esku jartzen jarraituko dugu komunitatearen parte hartzetik sortutako ekimenak bultzatzeko", azpimarratu dute.
Ribabellosatik Pobesera
Añanako Kuadrillan larunbat honetan egingo den LGTBIQ+ topaketaren programak sakoneko aldaketak izan ditu azken orduan, ekitaldiaren antolatzaileak ere aldatu dira, eta Ribabellosatik Pobesera lekualdatu da. Erriberabeitiko Udalaren eta Añanako Kuadrillaren polemikaren erdian gertatu da guztia.
Topaketaren ekitaldi nagusietako bat izango da Javier Gallego La Polaka Arabako transformista eta Erriberagoitiko alkatea Añanako Kuadrillako LGTBIQ+ enbaxadore izendatzea.
