Polemika piztu da Añanako Kuadrillan uztailaren 18an egingo den LGTBIQ+ topaketaren leku aldaketarekin. Hasiera batean Ribabellosan egin behar zuten, baina Erriberabeitiko alkateak azaldu duenez, Harrika eta Ortzadar taldeen desadostasunak programa azken orduan aldatzea ekarri dute, eta udalak erabaki du topaketa ezin duela behar bezala antolatu. Azkenean, Pobesen egingo dute.
Zamoranok azpimarratu du udalaren erabakia ez dela inola ere izan topaketaren kontra ezta horren helburuen kontra ere. Azaldu duenez, LGTBIQ+ topaketaren hasierako programazioa Harrika taldearen esku geratu zen, baina ondoren Añanako Kuadrillak Ortzadar taldea ere gonbidatu zuen topaketara, eta horrek Harrika bere proposamena bertan behera uztea ekarri zuen. Egoera horren aurrean, Añanako Kuadrillak bigarren programazio bat osatu zuen "Kuadrillako udalekin lan egiten duen berdintasun teknikaria eta Erriberabeitiko udala albo batera utziz".
Bigarren programazioa, Zamoranoren esanetan, ez zuten inoiz gauzatu ezta udalari aurkeztu ere. "Informazio faltaren aurrean erabaki genuen topaketaren antolaketarekin ez jarraitzea eta interesa agertu zuten kuadrillako beste udalei eskaintzea, adibidez Erriberagoitiko udalari; kasualitatez bere alkatea Ortzadar taldekoa da eta azkenean topaketa antolatuko dute".
"Ekitate falta"
Haserre agertu da Mentxu Zamorano Erriberabeitiko alkatea udalaren jarrera auzian jarri dutenekin, tartean Ruben Torremocha Añanako Kuadrillako presidentearekin. Argitu duenez, polemika zabaldu da Zuk agerkari digitalak "beharrezko zorroztasun informatibo gabe" eta "udalarekin ezer egiaztatu gabe" jaso duelako topaketa antolatzeari uko egin diola udalak. Zamoranok hedabidearen jokaera salatzeaz gainera, kritikatu du ere Añanako Kuadrillako presidenteak egiaztatu gabeko informazio horren harira hitz egitea.
Auzi honetan Añanako Kuadrillako presidentearen "ekitate falta" salatu du alkateak, eta halaber azpimarratu du alkatetzari eta gobernu taldeari ospea kendu nahi izan diela Torremochak, "zalantzarik gabe helburu elektoralarekin". "Oso tristea da gure Kuadrillako lehendakaria kuadrilla osatzen duten udalen irudia zaintzeko gai ez izatea eta informazio partziala zabaltzea", gaineratu du Erriberabeitiko alkateak.
Engaiamendua
Udalak topaketa antolatzeko konpromiso argia zuela aldarrikatu du Zamoranok, eta gogoratu du prest egon dela gastu guztiak bere gain hartzeko. "Hasierako programazioan sartuta ez zegoen drag baten jarduera ordaintzeko prest agertu ginen eta, modu horretan, drag show diferenteak hartzeko, bai eta topaketara gonbidatutako Extremadurako kolektibo baten gastuak pagatzeko eta topaketa egun oso batez egiteko beharrezkoak ziren beste ekarpen ekonomiko batzuk estaltzeko ere".
Era berean, azpimarratu du berdintasunaren aldeko eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko udalaren politikak herritarrei informazioa, hezkuntza eta irakaskuntza ematean oinarritzen direla, "gaur egun emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboen eskubideetan gertatzen ari den atzerakada arriskutsuaren jakitun baikara". Gainera, azaldu du duela hiru urtetik hona, hezkuntza sexoafektiboari buruzko tailerrak egiten ari direla Ribabellosako Lehen Hezkuntzako ikastetxean, eta, gaur egun, ikastetxeko hezkuntza programaren barruan daudela. Horrez gain, tailerrak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak eta topaketak egiten dira herritar guztientzat.
Bitartean, aurreko udal gobernuek programazioan "ekitaldi politiko hutsalak, aldarrikapenen irakurketak eta antzerkitxoak" baino ez zituztela egin esan du Zamoranok.