roberto gonzalez de viñaspre

"Euskarazko izenen intentsitate handiena Losan aurkitu dugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 18a

Roberto Gonzalez de Viñaspre, Gasteizko Euskaltzaindiako egoitzan. Argazkia: PHOT.OK

Gaubeako eta Erriberagoitiko iparraldea eta Burgosko Berberana eta Villalba de Losako toponimia historikoa aztertu dute Roberto Gonzalez de Viñasprek, Ibon Olaziregik eta Pedro Uribarrenak. Artxiboak sakon ikertu dituzte eta ahozko tradizioa arakatu dute. Euskara eta erromantzearen hiztunak aurkitu dituzte.

Dokumentazio historikoari eta Burgosko Berberana herriko ahozko tradizioari erreparatuta Ebana da, eta ez Nerbioi, 270 metrotik Delikara amiltzen den ibai ospetsua. "Izen sortu berria da Nerbioiko ur-jauzia, berandu agertzen da XX. mendean". Gainera, euskarazko hitza da Ebana, la ebana berberanatarrentzat, hain zuzen euskarazko ebaki aditzaren antzinako forma.

Roberto Gonzalez de Viñasprek, Ibon Olaziregik eta Pedro Uribarrenak Ebana bezalako toponimo txikiak, gaur arte ahozko tradizioan edo X. eta XV. mendeen arteko artxibo zaharretan gorde direnak, ikertu eta argitara ekarri dituzte. Euskaltzaindiak ikerketaren ondorioak bildu ditu Toponimia histórica y contacto vasco-románico. Norte de Valdegovía y Ribera Alta (Álava), Berberana y Junta de Villalba de Losa (Burgos) liburuan.

Ondorioztatu dute Araba eta Burgos arteko zona horretan nagusiki erromantzeak direla toponimo txikiak; baina euskara ere aintzat hartzekoa da. Gonzalez de Viñasprek argitu duenez, "lehenengo dokumentuetatik minorian baina euskara agertzen da, gutxienez euskal hiztunen komunitate batzuk baziren".

Zergatik aukeratu duzue Araba eta Burgos arteko inguru hori ikerketa egiteko?

Lehenago toponimia historikoaren ikuspuntutik landu izan ditugu Arabako beste eremu batzuk. Pedro Uribarrena artxibozainari esker dauzkagu milaka eta milaka datu, eta bion artean argitaratu ditugu lanak, esaterako, Trebiñuri buruz edo nire aldetik ere beste inguru batzuen inguruan, Berantevilla kasu. Baina oraingo honetan nahi nuen edo nahi genuen bilatu inguru bat ez historikoki nagusiki euskalduna edo izandakoa, non bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, mendetan, oso antzinetik, kontaktuan egon diren. Eta nolabait hori betetzen zuen eremu bat, besterik ere izan liteke, baina mendebal horretan arreta eman zidana izan zen Lakozmonte ermandade eta udalerri zaharra. 1928ra arte-edo izan da udalerri bat, eta gero bereizi zen eta herri batzuk pasa ziren Gaubeara eta beste batzuk Erriberagoitian geratu ziren. Eta hor hasi ginen. Batetik, toponimia nagusian badirelako Aixkoeta edo Artatza moduko euskarazko toponimo garbiak, baina beste batzuk itxuraz ez direnak. Eta bueno ba orain arte ere, Henrike Knorrek eta beste batzuek idatzia zuten: inguru horretan uste izatekoa da euskararen presentzia izan dela, baina gero ez dago datu gehiagorik hor gehiago zehaztu ahal izateko. Hain zuzen ere, horretarako behar da toponimia txikia, mikrotoponimia: soroak, muinoak…

"Pisu demografiko gehiago zuen erromantzeak, baina euskara ez da anekdota bat" 

Bertako herrietako toponimia txikian arakatu duzue, beraz. Zeren bila?

Herrien izenak derrigorrez ez dituzte bertakoek jartzen edo sortzen, izan daiteke baita ere, baina ez derrigorrez. Baina, aldiz, toponimo txikiak bertako biztanleek, bertako hiztunek, momentu historiko diferenteetan sortuak dira eta jarriak, eta klaro, zer hizkuntzatan jartzen dira? Ba hiztun horiek momentu horretan berezko duten hizkuntzan. Orduan toponimia txikian arakatzean gaur egunean ere ikusten da hor badagoela geruza argi bat, euskarazko izenena, zenbat eta atzerago joanda hori ageriago gertatzen da. Eta klaro, hustuketa dokumental nahiko zehatza egin dugu.

Lakozmonteko udalerri historikoan sartzen ziren herriak baino gehiago ikertu duzue. Zergatik?

Kontua da Lakozmonten pausatu genituela begiak, baina berehala ikusi genuen, batetik, historikoki ere iturri batzuetan Lakozmonteren barruan aipatzen direla Subijana, Morillas eta Tetxaren pasabidearen inguruan dauden herriak, orografikoki ere haran estu luze batean daudenak, eta hori ere hartu genuen. Eta Lakozmontetik kanpo ere geratzen ziren Estuliz, Caranca, baina orografikoki inguru bera da, eta hantxe punta batean Basabe zegoen… eta Basabe hori argi eta garbi euskarazko izena da, orografikoki ateratzen zen esparrutik, baina esparru horretan bagabiltza hori ere hartu behar dugu; eta Basabe eta Estuliz artean geratzen bada Mioma, ba Mioma ere sartuko dugu. Progresio mentala horrela izan zen. 

Are gehiago, Burgosera iritsi da ikerketa.

Gure asmoa zen Araba barruan egitea, baina ikerketan hasi ahala, nahiko epe motzean ohartu ginen continuum linguistiko bat dagoela Osmatik Berberanara, orografikoki ere gauza bera dela. Berberanan edo gaur egunean Junta de Villalba de Losa den horretan dauden herri txikien izenetan, hasi toponimia nagusitik, Zaballa, Murieta, eta mikrotoponimian jarraituz ikusten da continuum berbera dela, eta orduan arakatu genuen ere Losa haraneko ekialde hori. Are gehiago, laginak hartu genituen barrurago, ikustearren non egon zitekeen muga. Gero ondorioetan ikusten da aztertu dugun eremu horretan euskarazko izenen intentsitaterik handiena Losako inguru horretan dagoela, gehi mugakide duen Osman, Karkamun, Fresnedan; gainerako herri guztietan badago zerbait, gehiago, gutxiago, baina badago zerbait. 

Mila Madinabeitia, Tasio Salazar Egiluz eta Felix Agilerari esker jaso dituzte Burgos eta Arabako toponimo txiki ugari. PHOT.OK

Nolakoa izan da landa lana? Nola jaso dituzue toponimo eta mikrotoponimo horiek?

Kontuan hartu behar da guk modu dokumentalean jaso ditugula idatziz artxiboetan daudenak. Gero pertsonen testigantzak ere jaso ditugu, eta Losako inguru horretan egin dugu osorik Mila Madinabeitiari esker, berak lortu dizkigu informatzaileak. Areago, guk pasatzen genizkion galderak Milari, Milak grabatzen zizkien informatzaileei, eta bueltan ematen zizkigun, Burgosen ez dagoelako ezer jasota, ahozko testigantzarik ez delako jaso. Araban, berriz, lan hori eginda dago. Ahozko testigantzen inguruan, esaterako, Jose Antonio Gonzalez Salazarrek egin zuen lan paregabea. Gainera gero etorri zen handik 15 edo 20 urtera Deustuko Unibertsitatea, Neiker Institutuak Eusko Jaurlaritzarekin batera egin zuen beste bilketa oso bat, ahozkoa, Araba osoan, Trebiñu barne. Hori badago, eta hori guztia jasota dago. Sekulako altxorra da hori, baina halakorik edo antzekorik Burgosko eremu horretan ez dago. Guk egin dugu. Eta Gaubean ere, nahiz eta bilketa horiek eginak dauden, Estulizko Felix Agilerari esker; Karkamuko Pablo Pinedori esker ahozko testigantzak jaso ditugu, baita Fresnedako lagunenak ere. Ahozkoetan horraino iritsi gara. 

"Deigarria da Osma, Fresneda, Morillas, Ormijana edo Axkoeta agertzen direla euskararen eremuan"

Artxiboetan ere lan mardula egin behar izan duzue. Zer artxibo aztertu duzue?

Ikerketa hasi ginenetik bederatzi urte igaro dira. Artxiboko lana handia da, eta horretarako gehien-gehienetan artxiboetara joan eta hantxe orduak sartu behar dira. Idatzietan dauden iturririk zaharrenak dira Erdi Aroko kartularioak. Eta hor ditugu batetik Valpuestakoak, Donemiliaga Kukulakoak, Miranda Ebrotik oso hurbil dago Santa Maria de Bujedo, eta horrek ere badu bere kartularioa, XII. mendekoa; eta San Juan de Quejanakoa, batez ere Losan lurrak zituen monasterioa.

Noizkoak dira artxibo horietan agertzen diren euskararen lekukotzarik zaharrenak? 

Lekukotzarik zaharrenak X. eta XI. mendeetakoak dira. Zaharrena Valpuestakoa da, eta hor aipatzen da monasterio horrek zer muga dituen; bost toponimo agertzen dira eta  horietako bat euskarazkoa da, Urrundia. Ondorioa da lehenengo dokumentuetatik, minorian, baina euskara agertzen dela. Euskara bazegoen, gutxienez euskal hiztunen komunitate batzuk baziren. Eta gero zer gertatzen da? Momentu batean galduko zen euskara, nahiko goiz, eta euskarazko toponimoak hasten dira itxuraldatzen. Mende asko pasatu direnez, asmakerietan hasi gabe toponimo batzuk berreraikitzea zaila da, oso zaila. Hala ere, nago hainbat kasutan lortu dugula. 

Lehen testigantzak daudenetik, beraz, euskara bazegoen.

Badirudi inguru hori nahiko despopulatu zela arabiarren erasoen ondoren, eta ematen du, horretan bat datoz historialariak, nolabait kontu beliko horiek pixka bat urruntzen hasi zirenean hasi zela populazio gehiago etortzen. Nondik etorri zen populazio hori? Esaten dute kantabroak zirela, baskoiak… tutifrutia. Izan daiteke, izan ere, toponimia aztertzen hasten garenean agertzen dira Salamancarekin lotutako adibide batzuk ere. Baina horrekin batera, zalantza gabea da euskararena, euskaldunen ekarpen demografikoa ere egon zela. 

"Guk datuetan oinarritutako gertakariak jasotzen ditugu, gainerakoa usteak dira"

Eta lehenago bazegoen zonalde horretan euskara?

Liburuan espresuki esaten da: guk datuetan oinarritutako gertakariak jasotzen ditugu, gainerakoa oso ondo dago, beharrezkoa da galderak egitea, baina usteak dira, hipotesiak. Eta gu horretan ez gara sartzen. Guretzat hor hasten da lokatza. Asmo onarekin sartu zaitezke hor, baina gero eta atzerago joaten zarenean datuetan oinarritu gabe, gero eta gehiago lokazten zara, eta guk ez dugu hori egin nahi. Horregatik X. mendetik hona aztertu dugu.

Oso uste zabaldua da Gaubean ez omen dela inoiz euskara egon, ez dela inoiz bertako hizkuntza izan.

Inoiz ez… Nik uste dut datuekin jokatu behar dela. Esaterako, sartu garenean eremu honetan batek baino gehiagok pentsatuko zuen "ba hemen euskararik ez dago edo zerbait baldin badago anekdotaren esparruan", eta hemengo ondorioa da ezetz, ez dela anekdota, euskara hor zegoen. Bai, uste dugu pisu demografiko gehiago zutela erromantzez hitz egiten zutenek, baina euskararena ere ez zen anekdota bat.

XV. mendean ere euskararen testigantza garrantzitsuak aurkitu dituzue, ezta?

Gurutzadako buldak aipatu behar dira. XV. mendearen bigarren erdiko kontu bat da hori. Horren inguruko lehenengo informazioa argitaratu zuen Ernesto Garcia Errioxako historiadoreak 2018 eta 2019 urteen artean egindako lan batean, eta guztiz oharkabean pasatu zen. Bera liburu bat idazten ari zen Gasteizko eliteen inguruan eta hor sartu zuen gai hori, oso iturri inportantea da eta horretaz gehiago lan egin behar da. Gurutzadako bulda horretan Ernesto Garciak zerrenda bat dakar, eta hor agertzen dira herri batzuk euskararen eremuan. Nik neuk hori irakurri arte inola ere imajinatuko ez nituzkeenak eremu horren barruan daude, esaterako, Tuyo eta horren antzeko besteren bat.

"Toponimo hibridoak deskubritu ditugu, gaztelania eta euskara bat eginda duten izenak" 

Zer da gurutzadako bulda? Zergatik da horren garrantzitsua?

Dirua ateratzeko da. Granadako gerra bete-betean zegoen, oraindik Granadako erreinua konkistatu gabe zeukaten errege katolikoek, eta hori pagatzeko zen, nahiz eta gero jakin badakigun erabiltzen zela horretarako eta beste gauza batzuetarako. Orduko Aita Santua konbentzitu zuen Gaztelako monarkiak gurutzadaren izenean bulda jasotzeko. Printzipioz borondatezkoak ziren, baina buldak jasotzeko predikatu behar zen, hau da, herrietara joan behar zen, jendea mirestu behar zen, eta kristau onak izateko ahal zuten neurrian buldatxoa erosi behar zuten. Predikatzeko predikatu behar zen herritarrek ulertuko zuten hizkuntzan. Horregatik Gaztelan ez bezala, Araban bereizi behar zuten, la parte del vascuence. Horrek esan nahi du bidali behar zituztela euskaraz zekiten apaizak, bestela herritarren parte batek ez zuelako ulertuko. Eta eremu horretatik kanpora nahikoa zen gaztelania, gehienek gaztelaniaz hitz egiten zutelako edo elebidunak zirelako, eta ez zen molestiarik hartu behar. Orduan logika horren barruan, deigarria dena da Osma, Fresneda, Morillas, Ormijana edo Axkoeta agertzen direla euskararen eremuan. Horrek zer esan nahi du? Hemen batzuk, eta ez dira hiruzpalau, modu ohargarri batean euskaldunak zirela, euskaldun elebakarrak zirela, eta horrek ekartzen digu ezinbestez euskararen presentzia izan behar dela XV. mendearen amaiera arte, gutxienez herri horietan. XVI. mendera arte nahiko erraz iritsi gara, eta nire esperantza zen hor euskara gehiago aurkitzea, eta ez da horrela. X. mendetik XV. menderarte agerpen solteak daude, esango nuke dudarik gabe erdia baino gehiago erromantzez daudela, eta batzuetan nabarmen gehiago, baina beste ez gutxi euskaraz. 

Sorpresak aurkitu dituzue ikertutako dokumentazioan? Harritu zaituen zerbait aipatu zenezake? 

Harritu gauza gutxik ez. Bi nabarmenduko dizkizut. Bat da deskubritzea toponimo hibridoak, hau da, izen beraren barruan euskara eta gaztelania bat eginda. Adibide bat, eta adibide honetarako, pentsa, Berberanaraino joan behar dugu, Osmatik oso gertu. Hor badago toki bat gaur egunean oraindik ere Carragonesti esaten diotena, nik ez dakit Berberanako gazteek erabiltzen duten izena baina guk lortutako informatzaile horiek, laurogeitaka urtekoek Carragonesti esaten diote argi eta garbi. Carra hori da carrera hitzaren kontrakzioa, oso tipikoa erromantzez, oso Gaztelakoa, eta carrera berez dago carro hitzarekin lotuta, una vía de carros. Laburpena da carra, eta beti doa aurretik: Carraaguilar, Carramolinos, eta carraren osteko elementua izaten da edo herri bat edo toponimo bat eta adierazten du toki horretara bidea. Zer arraio da Gonesti? Hor bide horretan badago termino bat, San Sebastian. Bertakoek ez dute gogoratzen, baina guk badakigu, dokumentuetan arakatu dugulako, XVIII. mendearen bukaera arte hor nonbait zutik zegoela San Sebastianeko ermita. Eta orduan Carragonesti da Carradonesti, Carradonostia, camino de San Sebastian. Donostia horrek dauzka aldaerak eta esaterako donesti edo donestia toponimoa ere existitzen da Araban beste toki batzuetan, eta jatorrizko Donostiaren aldaera da.

Bigarren sorpresa ere aipatu duzu.

Liburuaren azalera ekarri dugu, linguistikaren barruan zelakantoa bezala delako, bitxikeri bat, aurkikuntza bat. Azaleko irudian protokolo bat dago, 11.783 protokoloa, eta 1.749 urteko agiri dokumental horretan cuartanico hitza agertzen da. Gaur egun cuartanico ez da erabiltzen, baina cuartanico da Kuartangoren aurrekoa. Kuartango izena nondik datorren azaltzeko kontsentsu erabatekoa dago hizkuntzalarien artean Kuartango datorrela jatorrizko cuartanico batetik. Beste gauza bat da zer den cuartanico hori, horretaz ere hitz egin daiteke, baina eboluzio fonetikoan Kuartangok behar izan du cuartanico. Zer gertatzen da? XVIII. mendeko dokumentuan cuartanico agertzen dela, baina badakigu cuartanicotik Kuartangora aldaketa mende batzuk lehenago eman zela. Liburuan jasotzen den bezala, ezusteko handia da XVIII. mendeko idazkietan, eskribauek jasotako hiztunen ahozko erabilera islatzen duten idazkietan, X. mendean jada Kuartango bihurtu zen aldaera bat aurkitzea. Ez dugu azalpenik horretarako.

Gaztelaniaz argitaratu du Euskaltzaindiak ikerketaren ondorioak jasotzen dituen liburua. Zergatik idatzi duzue hau gaztelaniaz eta ez euskaraz?

Batetik, marko geografikoan Arabaz kanpo joan garelako, eta, bestetik, hemen aztertzen direlako fenomeno linguistiko guztiak, toponimia guztia, bai euskarazkoa bai erromantzezkoa. Hemen erronka da honi heltzen diogula euskararen aldetik, baina baita gaztelaniaren aldetik ere, eta orduan hemen badira intereseko gauzak, nire ustez, baita romanistentzat ere. Eta orduan hau euskara hutsez argitaratuko bagenu, geratuko litzateke heldu ezinean. Gure ustez, kanpoan ere irakurtzea interesgarria da, errealitate honen berri izan dezaten. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago