Haitzuloetatik tenpluetara

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 12a

Ibilbide txiki bat egokitu dute eliza, harrobiak eta elurtegia bisitatzeko.PHOT.OK

Eremiten haitzuloak utzi eta lehen tenplu kristauak eraiki ziren arteko bilakaera ikusteko toki aparta da Tobillas, Gaubean. Eliza prerromanikoaren ondoan aurkitutako harrobiak dira salto horren lekuko.

Arabako monumentu multzoen artean nabarmenetakoa da Gaubeako Tobillas herriko San Roman eliza, Euskadiko erkidegoan prerromanikoaren aztarnarik zaharrenak gordetzen dituena. 2022an, 1.200 urte bete zituen eta hainbat azterlan abiatu ziren bere inguruan. Horien ondorioz, tenplua eraikitzeko erabili zituzten harrobiak atera dituzte sastraken artetik, baita elurtegi bat ere, eta eremu arkeologiko osoa bisitatzeko ibilbide txiki bat egokitu dute. 

Aurkikuntza eta dokumentazio lana egin duten adituek azpimarratu dute Tobillas leku aparta dela ikusteko antzinaro berantiarraren eta aro erromanikoaren arteko eraikuntza sistemen bilakaera, "eta baita eremutegiak eraikitzetik lehen tenplu kristauak eraikitzera igaro zen unea ere".

Izan ere, bisigodoen erresuma 711n erori zenetik Juan apezpikua 802an Valpuestara iritsi zen arte, Gaubeako haranean kontserbatutako "eraikin erlijioso" bakarrak eremutarren haitzuloak dira. Zehazki, Tobillasen bertan daude Mairuen haitzuloak, eta Gaubeako haranean bertan gertu daude beste haitzulo batzuk, Corron eta Pinedon.

Bi motako ustiapena

Alta, IX. mendean jada, haitzuloak zulatu beharrean, harlanduekin egindako lehen tenpluak eraikitzen hasi ziren kristauak. Hala, 822. urtean, Avito abadeak lehen eliza txikia altxatu zuen Tobillasen, erromatar garaiko basilika baten harriak berrerabiliz; 939. urtean, berriz, Vigila abadea Tobillasko harrobiko harriak erabiltzen hasi zen, elizaren silarriak egiteko; eta XII. mende betean ere bertako harrobiko harriak erabili zituzten. 

Elizetatik gertu dauden harrobien erabilera ohikoa da Iberiar Penintsulan; izan ere, adituek diotenez, Tobillasen garaikoak diren beste kasu batzuk ezagunak dira: Santa Maria de Melque (Toledo, Espainia) elizarena, gutxi gorabehera Tobillas baino mende bat lehenago datatua, 750 inguruan; eta Asturiasko elizena, oro har IX. mendekoak.

Gerardo Martinez Diazek 2023an egindako indusketak erakutsi duenez, guztira sei harrobi ireki zituzten Tobillasen. Lehen fase batean bost harrobi, eta fase erromanikoan (XII. mendean) harrobi berri bat ireki zuten, eta horretatik, gainera, esfera erdi bat atera zuten elizaren bataiarria egiteko. 

Harrobien artean badira aldeak. Alde batetik, lehenengo bost harrobietan ateratako harlanduek berrogeita hamar kilo inguruko batez besteko pisua zuten, hargin bakar batek manipulatu ahal izateko. Fase erromanikoan, aldiz, harria ateratzen dute seigarren harrobitik, baina aurreko faseko harlanduak baino askoz handiagoak dira, eta, ondorioz, hainbat langile aritu behar izaten ziren lanean, eta, ziurrenik, poleen laguntzarekin egiten zuten.

Gainera, lehenengo bost harrobietan harginek erabili zuten ustiapen sistema eta seigarren harrobian erabili zutena erabat desberdinak dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago