Iruña-Veleian zirku bat egon zela iradoki zuten irudien berri eman zuten 2024an Javier eta Iker Ordoño anaiek, eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak iragarri zuen lurrean egindako arkeologia laginketek berretsi beharko zutela aurkikuntza.
Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, gaur lan horien berri eman du Ana del Val Kultura diputatuak, eta Javier Fernandez Bordegarai arkeologia zerbitzuburuak eman ditu azalpen teknikoak.
Aztarnak 40-50 bat zentimetrora agertu dira. Besteak beste, egitura laukizuzenak agertu dira, seguruenera harmailei eusten zien zurezko egitura baten gainean zeudenak. Zurezko egitura horretan ikusleak hartzen zituzten. "Hala ere, arkitekturaren ikuspegitik, kontserbatzen diren aztarnak nahiko pobreak" direla ohartarazi du Bordegaraik. Horrek ez du esan nahi, ordea, garrantzia kendu behar zaienik. "Penintsularen iparraldean, bederen, hiri erromatarren lehen mailan jartzen dute Iruña-Veleia", esan du.
Kudeaketari dagokionez, Del Valek gogora ekarri du zirkuaren aztarnak lursail pribatuetan daudela. Horietatik lau nekazaritza lursailak dira, eta bosgarren bat, industriala. Kautelazko neurri gisa, aldundia foru arau bat prestatzen ari da nekazaritza jarduera mugatzeko, 20 zentimetrora baino gehiagoko sakontasuneko lanak mugatzeko. Kalte ordainak emateko aukera mahai gainean jarri du Del Valek, baina "azken helburua" lurrak erostea izango dela aurreratu du. Alabaina, prozesu hori "luze eta konplexua" izango dela ohartarazi du.