Solaria enpresak Villalba de Losa (Burgos) herrian eraiki nahi duen proiektuaren aurka protesta egiteko bildu dira igande honetan inguruko herrietako bizilagunak Monte Santiago parkearen sarreran. Burgosko Losako haranari eta Berberanari eragiten die proiektuak, baita Arabako Osma herriari ere.
"Energia fotovoltaikoa ekoizteko eta merkaturatzeko industrialdea" bezala definitu dute Horrela Ez-Gaubea eta Losa Natural taldeek proiektua. "Izan ere, ez gaitezen engaina eta ez gaitzatela engaina, nahiz eta eguzki planta deitzen dioten egin nahi dutena 128 hektareako industrialde bat besterik ez da, nekazaritza eta abeltzaintza lurrak hartzen dituena eta modulu bakoitzaren inguruan 23 km baino gehiagoko luzera duena", esan dute.
Besteak beste, okupatuko diren lurzoruen jabeen baimenik gabe aurkeztu dutela proiektua salatu dute herritarrek. Halaber, "makroproiektu kamuflatua" izatea deitoratu dute. Ildo horretan, administrazioei galdetu diete nola onar daitekeen Solariak Zierbena 20 izena duen proiektu bat aurkeztea "eta bertan Zierbena 2,3 eta 4 dituela eta Zierbena 29raino eraikiko duela esatea, guztiak Zierbenaraino iristen den 400.000 volteko linea batera konektatuta, eta ez baztertzea makroproiektu kamuflatu bakarra delako?".
Herritarrak Solaria bezalako energia enpresen aurrean babesgabe utzi dituztela ere esan dute kontzentrazioaren ostean irakurritako manifestuan: "Zergatik ematen dute administrazioek enpresen alde egiten dutela, herritarren alde egin beharrean, batez ere eremu behartsuagoetan?", galdetu dute.