Subillako akuiferoa zulatu zuen harrobiaren kontzesioa luzatzea onartu du Langraiz Okako batzarrak

Erredakzioa 2025eko irailaren 29a

Navarra Pequeña harrobia, Langraiz Okan. Argazkia: ALEA

Polemika handia piztu du erabakiak herrian. Izan ere, gaur egungo batzarraren lau urteko agintaldia bi hilabeteren buruan amaituko da.

Langraiz Okako Administrazio Batzarrak Subillako akuiferoan kalteak eragin zituen Navarra Pequeña harrobiaren kontzesioa beste 30 urtez luzatzea onartu du. Ustiapena egiten duen Heidelberg Materials enpresaren baimena 2026an amaitzen zen, baina, ustekabean eta eztabaida betean, luzapena onartu du lur horien jabea den administrazio batzarrak.

Orain, harrobiaren etorkizunari buruzko azken hitza Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren esku dago, meatze jarduera luzatzeko baimena eskaera aztertzen ari baita. URAk otsailean iragarri zuen, halaber, beste azterlan bat egingo zuela harrobiak akuiferoan duen eraginari buruz.

Irailaren 18ko bileran, Langraiz Okako Administrazio Batzarreko zazpi kidek kontzesioa luzatzearen alde bozkatu zuten eta lauk kontra. Batzarreko kide batek dagoeneko aurkeztu du batzar horren erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa.

Hauteskundeak, atarian

Polemika handia piztu du erabakiak herrian. Izan ere, gaur egungo batzarraren lau urteko agintaldia bi hilabeteren buruan amaituko da, eta azaroaren 23an egingo dira kontzejuetako hauteskundeak.

Bestalde, batzar administratiboaren erabakiak Iruña Okako Udalak onartutako mozioaren kontra egiten du. Izan ere, udalak akuiferoaren arriskuengatik harrobiaren jarduera luzatzearen aurkako mozioa onartu zuen, PSE, EH Bildu eta PPren babesarekin; EAJ abstenitu egin zen. Mozio horrek argi utzi zuen udalaren jarrera ustiapenaren epea ez luzatzea dela, eta Eusko Jaurlaritzari zein Langraiz Okako Batzarrari eskatu zien ez emateko inolako baimen berririk.

EH Bilduk erabakia kritikatu du

Davide di Paola EH Bilduko zinegotziak, bere aldetik, ohartarazi du Langraiz Okako Administrazio Batzarrak harrobiaren jarduera luzatzeko hartutako erabakiak alarmak piztu dituela. "Eztabaidagai dena ez da soilik baimen industrial bat, baizik eta Euskadiko ur erreserba estrategikoenetako bat babestea, funtsezkoa baita klima aldaketak markatutako etorkizunean", adierazi du.

EH Bilduren arabera, luzapena "presaka" onartu zuten batzarreko zazpi kidek, eta "botoa aldatu zuten azalpen argirik gabe, martxora arte erabakia hartzeko tartea zegoenean eta behin betiko txostenen zain". Di Paolak adierazi du erabaki horrek auzotarren kezka handia eragin duela. "Herritarrek uste dute kanpoko presioen aurrean amore eman dutela, eta hain garrantzi handiko gai batek eskatzen duen gardentasunik eta zorroztasunik gabe hartu dutela erabakia".

Kartelak kentzen

Ildo horretan, EH Bilduko zinegotziak azaldu du sare sozialetan zabaldutako bideo batean "Jose Maria Guinea EAJko buruzagia" erakusten dela, "luzapena salatzen zuten auzokideen kartelak ateratzen". Grabazioa asko zabaldu da herrian eta kritika ugari eragin ditu, "adierazpen askatasunarekiko intolerantzia erakusten duelako", adierazi du. "Ginearen keinua harroa eta autoritarioa da, eta herritarren ezinegona areagotu du", azpimarratu du Di Paolak.

EH Bilduk Langraizko Okako batzarreko presidentea Arabako Batzar Nagusietan ager dadila eskatu du, harrobia ustiatzeko epea zergatik luzatu den azal dezan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago