Subillako akuiferoan harrobiak duen inpaktua aztertzeko eskatu dute Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2025ko urt. 10a, 13:10

2016an haustura bat eragin zuten harrobiko lanek Subillako akuiferoan.

EH Bilduk orain dela zazpi hilabete aurkeztu zuen mozioa.

Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta URAri eskatu diete Langraiz Okako harrobiaren jarduerak duen "ingurumen inpaktuaren azterketa integrala" egiteko, Subillako akuiferoaren eta haren inguruko ekosisteman arreta berezia jarriz. Modu horretan, EH Bilduk orain dela zazpi hilabete aurkeztutako mozioaren lehen puntuari bide eman dio erakundeak, koalizio abertzalearen, PPren eta Elkarrekin Arabaren botoekin.

Batzar Nagusiek harrobia ustiatzeko aldia luzatzearen aurka agertzeko eskatzen zuen ere talde abertzaleak mozioan eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea harrobiaren jarduera kautelaz gelditzeko, baina bi puntu horiek bertan behera geratu dira ez dutelako nahikoa babes lortu.

EH Bilduko Xabi Valdor batzarkideak gogoratu duenez, Iruña Okako udalbatzak ere azterketa hori bera egitea eskatu zuen iazko maiatzean, harrobiko jarduera kautelaz etetea eskatzearekin batera, "gutxienez Subillako akuiferoan izan dezakeen eragina argitu arte edo haren segurtasuna bermatzeko neurrien beharra argitu arte".

EAJ eta PSE kontra agertu dira

Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Batzordean eztabaidatu dute mozioa. Foru Gobernua osatzen duten alderdiek –EAJk eta PSEk– kontra bozkatu dute. PSEren Jesus Mari Lopez Ubierna batzarkideak txostenak gaurkotzeko eskatu du, baina ez azterketa integrala. "Gizartearen kezkaren aurrean, ikerketa eta kontrol lana indartzea nahi dugu. Eusko Jaurlaritzari, URAri eta CHEri eskatzea ingurumen kalteei buruzko txosten berrituak egin ditzatela, eta, luzapenik egongo bada, dagozkion txostenak izan ditzatela".

Garikoitz Bengoa EAJko batzarkideak bere aldetik harrobiaren jarduera kautelaz eteteko beharra dagoenik ukatu du. "Ez dago harrobia geldiaraztea justifikatzen duen ondorio negatiborik" azaldu du. Azpimarratu duenez, duela bi urte, harrobiaren jarduerarekin jarraitzeko bi azterketa hidrogeologiko eskatu zizkion administrazioak enpresari, eta horren emaitzak aztertu beharko dira erabakiak hartzeko. "Utz diezaiegun teknikariei beren lana egiten. Txosten horietan oinarrituta, administrazioek harrobiaren jardueraren jarraipenari buruzko erabakia hartuko dute", esan du.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago