Kontzeju berri bat ate joka

Erredakzioa 2025eko irailaren 5a

Karanka, Gaubea. Argazkia: PHOT.OK

Karankako bizilagunen gehiengoak Miomarekin batera gaur osatzen duten kontzejutik banatzea eta erakunde independentea sortzea eskatu du. Bereizteko espedientea abiarazi du aldundiak.

Ondo bidean, Karanka Arabako 334. kontzejua izango da. Miomarekin batera gaur osatzen duten kontzejutik banandu eta kontzeju independente gisa eratzeko eskaera tramitatzen ari dira azken hilabeteetan bizilagunak, eta abuztuaren hasieran argitaratu zuen Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren foru sailak Arabako aldizkari ofizialean Karanka eta Mioma bereizteko espedientea abiarazteko foru agindua. 

Modu horretan, orain dela 50 urte galdu zuen independentzia berreskuratuko du Karankak. Izan ere, 1975eko urtarrilaren 9an onartu zuen Espainiako Gobernazio Ministerioak Uribarri Gaubea, Estuliz, Karanka, Mioma, Villanañe eta Nograroko kontzejuen borondatezko bategitea. Biztanle kopuru urria eta kudeaketa administratiboa eta ondareak bateratzeko beharra izan ziren erakunde bakarra sortzearen arrazoi nagusiak, baina urtez urte herri bakoitzak bere bide propioa egitea erabaki du, eta kontzeju independentea berreskuratu dute guztiek. Estuliz izan zen banatu zen azkena, 1999an, eta orain Karankari egokitu zaio kontzeju propioa osatzeko txanda.

Kontzeju berria eratzeko baldintzak betetzen dituela ziurtatu du Karankak aldundiari bidalitako espedientean: lau familia baino gehiago bizi dira herrian, sustrai historikoa duen kontzejua da, erroldatutako biztanleen bi herenak bozkatu du bereizketaren alde, eta baliabide nahikoak dituzte bere eskumeneko zerbitzu publikoei eusteko.

Bide luzea

Mioma eta Karankako kontzejuari eta Gaubeako Udalari bereizketaren inguruko txostena egiteko aukera eman zaie, baita Toki Finantzaketaren eta Administrazio Kudeaketaren Zerbitzuari ere. Txosten horiek egin ondoren, hala badagokio, espedientea aldundiko Kontsulta Batzordeari helaraziko zaio, eta haren irizpena eman ondoren, foru arau proiektua Diputatu Nagusiaren sailari igorriko zaio. Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko da eskaera.

Epeak luzatuko direla sumatzen dute Karankako bizilagunek, eta ez dakite azaroko kontzejuen hauteskundeetan Karankako batzar administratiboa bozkatzeko aukera izango duten. ALEAri azaldu diotenez, berehala hasi nahi dute "herriak dituen beharrak asetzeko lanean". Mioma eta Karanka arteko banaketa dagoeneko errealitate bat dela diote Karankan, gaurko kontzejuak "erabat abandonatu" duelako herria eta ez dituelako zerbitzu publikoak bermatzen. Mioman dauden liskarrek trabatu dute, haien ustez, kontzejuko funtzioamendua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago