Gesaltza Añanaren kasuan, bi abentura egiteko aukera dago. Bietan, nola ez, gatzari berari lotutako ginkanak. Lehen abentura gatzaren bilketa ospatzen duen entrojearen jaiarekin batera hasten da. Anne Landa sukaldari famatuak janari berezi bat prestatu behar du, baina, tamalez, bere eltze gogokoena galdu du. Esan beharrik ez dago herrian dauden zantzuei jarraitu beharko zaiela lapiko hori berreskuratzeko. Bigarrena 1851. urtean gertatzen da, Añanako Errege Zaldun Oinordekoen Komunitateak misio bat eskatu dizunean: gatza hartu eta Londresen urte horretan bertan ospatzekoa den Lehen Erakusketa Unibertsalera eraman beharko duzu Añanako produktu preziatua.