Tubos Reunidosen erregulazio espedientea baliogabetu du epaitegiak

Erredakzioa 2025eko uztailaren 7a

74 langileren greba eskubidea urratu zela ebatzi du epaileak. Argazkia: Google Maps

Azken hilabetean bigarren aldiz, zigorra jarri diote enpresari Gasteizko epaitegian, greba eskubidea urratzeagatik. Jaso gabeko soldatak ordaindu beharko dizkie langileei.

Gasteizko epaitegian baliogabetu egin dute Tubos Reunidos Premiun Threads enpresak ezarritako Aldi Baterako Lan Erregulazio (ABLE) espedientea. Amurrioko Tubos Reunidosen lantegian enplegu erregulazio espediente berria iragarri eta egun gutxira heldu da Langraitz Okako lantegiaren epaia.

Lan arloko 2. epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari, eta bertan behera utzi du urrian hasi eta sei hilabetez irautekoa zen ABLEa. "Greba eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidearen urraketa" dela ebatzi du epaileak.

74 langileren "negoziazio kolektiborako eskubidea" urratu dela dio epaiak. Langileek garaian jaso ez zituzten soldatak ordaintzera behartu du enpresa, eta ELA sindikatuari 45.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.

Enpresak epe motzean jasotako bigarren zigorra da. Joan berri den ekainean ere zigortu zuten enpresa, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik. Greba babestu ez zuten langileak jarri zituen Langraitz Okako zuzendaritzak grebalarien lanpostuak betetzeko, "barne mailako eskirol praktika" erabilita. 50.000€ ordaindu behar izan zizkion enpresak ELA sindikatuari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago