Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea (ABEE) aurkezteko asmoa dauka Amurrioko Tubos Reunidos enpresak. Hasiera batean, lantokiko 850 kontratu ingururi eragingo diela zabaldu da. Aiaraldea.eus-ek azaldu duenez, hala jakinarazi die astearte honetan multinazionaleko zuzendaritzak enpresa batzordeko kideei.
Neurri hori merkatuetan nagusi den garai berrira "egokitzeko" tresna bezala planteatzen du Tubos Reunidosek, eta eragin handia izan dutela Donald Trump AEBetako presidenteak ezarritako muga zergek, horrek sortu duen ezegonkortasunak eta zigor neurri fiskal gehiago ezartzeko mehatxuek.
Uztailaren 8an hasiko da ABEEaren kontsulta epe formala eta orduan izango dute sindikatuek informazio gehiago, izan ere enpresaren ordezkaritzak nahitaezko dokumentazioa eman behar baitie, zergatiak, irismena eta zehaztasuna justifikatzeko.
Azken honekin bederatzi espediente aurkeztu ditu Tubos Reunidosek 2009tik hona.