Ribera Baja Bizirik talde independentearekin alkatetza eskuratu zuen Amado Martinez de Iturratek (Miranda Ebro, 1956) 2023ko udal hauteskundeetan, lehenbizikoz. Arabako hamar udalerri aberatsenen artean badago ere, Erriberabeitiko bizilagunak prezio altua ordaintzen ari dira errepide azpiegitura eta industria zerbitzu handien ondoan bizitzeagatik. Abiadura Handiko Trena eta parke fotovoltaikoak dira gaur egun aurrez aurre dituzten mehatxurik handienak. "Izugarria izango da. Zokoratuta, hautsita eta itxita utzi behar gaituzte", azaldu du Martinez de Iturratek.
Nolakoa izan da udal kudeaketako lehen urte eta erdi hau?
Gogorra izan da, jakina. Lana gogorra da, udal hau handia da, 1.500 biztanle gara Erriberabeitiko sei herrien artean. Eta, tira, konturatu gara bazirela egunero egin beharreko lan batzuk, aurreikusita zeudenak, eta beste batzuk guk egin nahi genituenak; hala nola energia komunitatea sortzea edo gazteentzako etxebizitzak eraikitzea; udaletxera sartu ginenetik aurreko gobernu taldeari eskatzen genizkionak, eta egin ez zirenak. Orain hori arintzen saiatzen ari gara, legegintzaldi honetan bi gaiak bideratuta utz ditzakegun ikusten, gure programan daramatzagun beste hainbat proposamenez gain.
Zer kalte ekarriko ditu AHTak udalerrian? Kontrako jarrera oso argia azaldu du udal talde independenteak.
Uste dut udal talde independentea batu gintuen gaietako bat AHTa izan zela. 2015ean, Madril-Irun trenbidearen egungo trazadura aprobetxatzen zuen proiektu bat argitaratu zen, aldaketa txiki batzuekin AHTa egungo trenbidearen paraleloan egiteko. Kaltea handia zen, baina ez zen orain bezain basatia. Zer gertatu da? Bada, 2019an alegazioak egin zirela, eta alegazioetako batean Eusko Jaurlaritzak alegatu zuen Miranda Ebrotik igarotzeagatik trenen abiadura moteldu egiten zela, eta Miranda Ebrotik igaroko ez balitz bospasei minutu aurreztuko zirela. Orduan, lehendik zegoenaren ordezko azterlan bat egiteko eskatu zuen, eta EAJk Madrilen duen pisuarekin, alegazioa onartu zioten eta azterketa guztiz berria egin zuten. 2019an, informazio azterlan berri bat onartu zuten, eta bertan funtsezko aldaketa egin zuten AHTaren trazaduran. Bidea bost edo sei kilometro iparralderantz mugitu zen, Miranda Ebrotik igaro ez zedin, eta Miranda Ebrora lotura bat sortu zuten.
"Mundu guztiak daki kalte handia egiten digula AHT-ak, baina ez dute alternatiba aztertu nahi"
Erriberabeitia gehiago kaltetuko du gaurko trazadurak?
Lantaronetik dator AHTa, eta 15 edo 20 metroko zubibide erraldoi bat doa Quintanilla de la Riberaren azpitik. Inguru horretako mendiak zulatzen dituzte bi tunel egiteko, bata 1.950 metrokoa eta bestea 250 metrokoa. Soinu inpaktua eta eragin bisuala oso handiak izango dira herri txiki horretan. Gainera, Manzanoseraino iristen da zubibide hori, eta Manzanosko etxeetatik 50 edo 60 metrora aterako da. Hortik beste zubibide batean joango da Leziñana Okaraino, eta Leziñana Okatik Iruña Okaraino. Planoa ikusten baduzu, Ribabellosan azpiegiturez inguratuta gaude: AP-68a, A-1a, Bilbora doan trenbide zaharra, Gasteizera doan trenbidea… eta Ribabellosa inguratuta ez zegoen toki bakarrean, orain, AHTa sartu nahi digute.
Desjabetzeak hasi dira?
Jakina, 2015eko informazio azterlana aldatu izan ez balute, obra martxan egongo litzateke, baina urteetako atzerapena darama. Gaur, informazio azterlana onartuta dago, eta laster aterako den eraikuntza azterlana egiten ari dira, ADIFeko presidenteak duela gutxi esan didanez. Lursailen desjabetzeak ere egiten ari dira.
Zer ekarpen egiten diote errepideko azpiegitura horiek Erriberabeitiari?
Azpiegiturez inguratuta gaude alde guztietatik, baina azpiegitura horiekin ez dugu inolako komunikaziorik. Hemen ezin duzu hartu ez AP-68a, ez AP-1a, hau da, Miranda Ebrora joan behar duzu edo Armiñonera joan behar duzu hartzera. Gauza bera gertatzen zaigu trenekin ere. Trenek ez dute geltokirik hemen. Trenak Ribabellosatik eta herrietatik igarotzen dira, baina Manzanosen bakarrik gelditzen dira. Bilboko lineak ere ez du geldialdirik. Hau da, azpiegitura asko ditugu, baina guri ez digute lana errazten. Eta abiadura handiko trenak gutxiago, jakina. AHTak mendi pila bat txikituko ditu, laborantzako lurrak. Izugarria izango da. Zokoratuta, hautsita eta itxita utzi behar gaitu. Plan orokor berria AHTak okupatuko duen eremuan zabaldu behar genuen, bertan eraiki baitaiteke, ez baitugu besterik. Zer egingo dugu orain? Nork erosiko du lursail bat bidezubi batekin?
"Guri ez digute ezer esaten, proiektuak aurkezten dizkigute, eta esaten digute: tori, hau dago"
Egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritutako alternatiba babestu du Erriberabeitiko Udalak. Ez dute kontuan hartu?
Azterketa alternatibo bat egin zen, eta guk proiektu horretan parte hartu genuen. Renfeko eta ADIFeko sindikatu guztiek ere parte hartu zuten; eta ingeniari espezializatuek azterlan bat egin zuten egungo trenbidea egokitzeko eta linea berria egin beharrik ez izateko. Aukera hori askoz merkeagoa da; eta ingurumenaren aldetik askoz hobea; denbora aldetik ere minutu gutxiren aldea dago. Halere, nik uste dut inork ez diola begiratu nahi izan, akordio politiko bat dagoelako tartean. Inork ez du interesik jarri. Iaz ere, Arabako Batzar Nagusietako Lurralde Oreka Garatzeko batzordean egon ginen, eta mozio bat onartu zen, udalerrian AHTak izango duen eragin izugarria azter zedin. Mundu guztiak onartzen du kalte handia egiten digula, hitz egiten duzun edozeinekin esaten dizu badakiela. EAJren aurreko gobernu taldeak berak esaten zigun AHTaren ibilbidearen aurka zeudela, baina goitik zetorrela agindua. Guk uste dugu beste aukera bat egonda, aztertu egin beharko zutela, baina ez digute kasurik egiten.
Kezkatuta daude bizilagunak?
Jende askok ez du jakin nahi edo ez da konturatzen zer datorkigun gainean. Batzuk kezkatuta daude, eta igandean bertan, boilur azokan izan genuen kontzentrazioan, inoiz baino jende gehiago bildu zen. Hori ona da, baina, hemen, batez ere, jendea konturatuko da makinak bidezubia altxatzera sartzen direnean. Obra horiek kristorenak dira, bideak txikitzen dituzte, dena txikitzen dute.
Proiektu berriztagarriek udalerriko nekazaritza lurretan duten eragina ere salatu du udalak.
Guk, oraintxe bertan, martxan ditugu Ekianeko planta eta Ekieneako planta, EAEko handienak; gainera, herritik gertu beste bi planta txiki proiektatu dituzte, bata lau megawattekoa eta bestea bi megawattekoa; eta, halaber, Komunioi inguruan instalazio pilo bat aurreikusita daude, baita Berantevilla inguruan ere. Gainera, Solariak 50 megawatteko proiektu ikaragarri handia aurkeztu du. Balio handiko lurrak hartzen ditu, estrategikoak, laborantza lurrak eta basobera. Guztira, uste dut, 27 direla Solariak Araban egin nahi dituen plantak, eta horietatik 17 Añanako Kuadrillan. Guri tokatuko litzaiguke, baina Berantevillan ere Solariako beste lau daude aurreikusita; Lantaronen beste bi edo hiru. Guztiak Zierbenara doan ahalmen handiko lineara konektatuta egongo dira, hidrogenoa ekoizteko edo datu zentroetarako. Gu, jakina, ez gaude ados; eta aldundiko teknikariek ere alegazioak egin dituzte eta printzipioz atzera bota dute; baina azken hitza Eusko Jaurlaritzak du.
Herriaren ondoan dituzuen milaka eguzki panelek herritarrei mesede egin diete?
Inola ere ez. Hor ditugu milaka panel, baina enpresa pribatuen onurarako baino ez dira.
Ekienea parkearen sustatzaileek Ekiluz jarri zuten martxan bere garaian, bizilagunei elektrizitatea merkeago eskaintzeko. Iruzurra izan zela salatu duzue. Zergatik?
Hori aurreko gobernu taldearen hanka sartzea izan zen; ziurrenik ez zuten fede txarrez egin, baina, tira, EEEk ere aktiboki parte hartu zuen porrot horretan. 2019ko hauteskundeetan, EAJk saldu zuen haiek irabaziz gero Ekian enpresa etorriko zitzaigula, eta elektrizitatearen prezioa %30 jaitsiko zigutela. Batzarrak deitu zituen gobernu taldeak, eta beste merkaturatzaile batera aldatzea proposatu zioten jendeari, Ekiluzera, Mondragon eta Repsol taldeko enpresa bat zena. Harritu egin ninduen gobernu taldeko inor Ekiluzera aldatu ez izanak, horrek ere asko esaten dizulako. Bada, erabateko porrota izan zen: argiaren faktura %30 jaitsi beharrean bikoitza baino gehiago ordaintzen zuen jendeak; fakturak ez zituen ulertzen ezta jainkoak ere…. Eta izena eman zuen jendea berehala atera zen Ekiluzetik, hura porrot hutsa izan baitzen. Mundu guztia joan da, iruzur bat zelako; nik uste dut lau lagun geratu direla. EEErekin hitz egiten saiatu ginen, eta aurreko alkateari fakturak berrikusteko eskatu genion, jarritako prezioa ez zelako zuzena. Baina hor geratu zen asuntoa, ez da inoiz gehiago jakin. Izan ere, energia kooperatiba antolatzen aritu gara azken hilabeteetan, eta ikusi dugu jende askok errezeloak dituela Ekiluzeko aurreko esperientziagatik, beste iruzur bat ez ote zen izango. Baina ez, ez du zerikusirik batak bestearekin.
"Aspaldi esan dut eguzki panelen Almeriaren itxura izango duela Ribabellosak"
Zein da irtenbidea? Norantz jo behar du trantsizio energetikoak?
Badago Arabako Haranetan sortu den plataforma bat, Horrela Ez, eta hitzak berak ondo adierazten du zer nahi dugun, hau da, gu trantsizio energetikoaren alde gaude, eta are gehiago, ekintzekin frogatzen dugu. Gure energia komunitate propioa eratu dugu, udal eraikinetako teilatuetan panelak jarri ditugu, autokontsumorako ekoizteko. Orduan, gu trantsizio energetikoaren alde gaude, baina ez horrela. Hau da, energia berriztagarria ekoitzi behar dela? Ba ziur aski bai. Baina denak joan behar al du leku jakin batera? Hau da, Añanako Kuadrillan horrelako 17 planta jarriko dituzula esateak, 10 udaletan, esan nahi du udal bakoitzak 1,7 proiektu jasan beharko dituela.
Ribabellosa itotzen ari dira?
Ezin da gehiago. Lurraldea gehiegi kargatu dute. Nik aspaldi esan dut eguzki panelen Almeriaren itxura izango duela Ribabellosak. Almerian dena plastikoz beteta dago, eta hemen plakaz beteko dute. Guk uste dugu eseri eta hitz egin behar dela trantsizio energetikoari buruz, eta planifikatu, eta erabaki zuzenak hartu, ikuspegi zabalagoarekin. Eta herriak ez hondoratzea, herriak hirietarako zerbitzuak ematera ez kondenatzea. Azkenean hori egiten ari garelako. Eta gu ez gaude horrekin ados. Ez da bakarrik plano bat hartu eta esan, begira, nola eremu honetan eguzkiak asko jotzen duen, hemen jarriko ditugu panelak; hori da egiten ari direna.
Kontuan hartzen ari dira udalen iritziak?
Guri ez digute ezer esaten, guri proiektuak aurkezten dizkigute, eta esaten digute: tori, hau dago.
Aldundiaren aldetik, zer jarrera dago zuen proposamenekiko?
Bat bera ere ez. Bat bera ere ez. Beste gauza bat da aldundiko teknikariek alegatu dutela planta horiek ez direla bideragarriak, udalerrietako hirigintza planen aurka ez ezik, aldundiaren hirigintza planen aurka ere egiten dutelako; eta baita ingurumenaren aurka ere. Izugarria da horrelako instalazio elektriko bat, 30 planta lotzen dituena lerro berera, eta ehun kilometrora eramaten duena energia… Ez dirudi oso logikoa denik. Baina, noski, enpresa pribatu bat da, bere kontura doana, bere negoziora doana.
Datu zentro erraldoia eraikitzen ari dira Arasurren. Energia kontsumo handia duen azpiegitura.
Hasierako aurreikuspenen arabera, Arasurren hiru datu zentro egin behar ziren; bat eginda dago, duela gutxi inauguratu zuten. Bigarrenarekin hasi dira, eta Merlineko CEOak iragarri du beste hiru gehiago egiteko proiektua dutela. Astakeria da behar duten energia. Nondik aterako dute? Inork ez daki; baina estatu osoan planteatzen ari dira horrelako azpiegiturak, Aragoin ere muntatu nahi dute, Extremaduran. Espainiako Estatuan, guztira, 200 daude, eta datu zentro gehiago eraikiko dituzte.
Ildo horretan, Arasur zabaltzeko asmoa dago. Nola eragiten dio Erriberabeitiari?
Arasurrek poligonoa handitu nahi du, ez baitu lurrik. Eta orain zer gertatzen da? Bada, Araba Garapen Agentziak Rivagudarantz zabaldu nahi duela, eta Rivagudako bizilagunak ez daudela oso pozik, jakina, kamioien joan-etorria handituko delako, laborantzako lurrak galduko direlako….
"Rivagudarantz zabaldu nahi dute orain Arasur, eta bertako bizilagunak ez daude oso pozik"
Energia komunitatearen inguruan aritu zara lehen. Noiz jarriko da martxan?
Ez dakigu. Oraindik IDAEren diru laguntzaren zain gaude, eta ziurrenik otsailean edo martxoan aterako da. Kontua da oraingoan diru laguntza horretan bateria fisikoak izatea eskatu dietela instalazio guztiei, eta dezente garestitzen da proiektua.
Aurrezki handia ekarriko dizue proiektuak? Zenbat bazkide dituzue?
Eraikin asko ditugu eta energia gastu handia; baina ez da bakarrik aurrezteagatik, baizik eta uste dugulako ona dela udalak ere horrelako ekimenak sustatzea, udal eraikinak energia ekoizteko erabiltzea. Udaletxean onartu genuen proiektua, eta lau herri batzar egin genituen mundu guztiak parte hartzeko aukera izan zezan. Laugarren batzarrean komunitatea osatzea erabaki zen, eta 86 bizilagunek, 86 kontadorek, eta udaleko 20 kontadorek bat egin dute. Dagoeneko hiru proiektu ditugu eginda,100 kilowatteko bana. Plaka guztiak hiru udal eraikinetan daude, udal pistan, frontoian eta Unamunzaga ikastetxean.
Bestalde, gazteentzako etxebizitzak eraikitzeko asmoa du udal gobernuak. Zer urrats egin dira?
Gazte belaunaldi batek behintzat alde egin behar izan du herritik, bizitzeko lekurik ez duelako. Nahi duguna da gazte horiek hemen geratzea. Une honetan ez dago gazteentzako etxebizitza librerik, are gutxiago arrazoizko prezioan. Lursail batzuk badaude, baina egia esan, gaur egun, txalet bat egiteak 250.000 edo 300.000 euroko kostua izan dezake, eta gazte batek ezin du erosi. Udalak lursail batzuk ditu, non 200 plazako aparkaleku bat egin nahi izan zuen aurreko udal gobernuak. Guk, ordea, uste dugu ez dela beharrezkoa aparkalekua, eta lursail horiek etxebizitzak egiteko erabiltzea erabaki dugu. Orain, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa bat izapidetzen ari gara, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan lursailak uzteko eta etxebizitzak eraikitzeko.
Alokairuko pisuak izango dira?
Alokairuko pisuak edo prezio tasatuko pisuak ere bai. Asmoa da 24 edo 28 etxebizitza egitea gazteentzako.