Sasien artean, harribitxia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko abe. 22a, 08:00

Biologoak eta abeltzainak dira Teresa Andres eta Fernando Camara, eta laurogei sasi ardi buruko artaldea dute Gaubean. Egoera larrian dagoen arraza zaintzeko eta hobetzeko programa baten barruan lan egiten dute, etxeko animalien biodibertsitatea eta ondare genetikoa babesteko itxaropenarekin.

Irudiak: PHOT.OK

Genesiaren arabera, Jainkoak Abrahami eskatu zion Isaac sakrifikatzeko, baina semea beharrean, arkume bat hil zuen. Eskaintzaren sinbolo bilakatu zen judutar eta arabiar kulturako errituetan arkumea, eta pisu erlijiosoak ospakizunekin lotu zuen. Hortaz, Gabonik ez omen da arkumerik gabe. Nagusiki, labean egindako esnekoa izaten da preziatuena Euskal Herriko etxeetan.

Teresa Andres Pongaren eta Fernando Camararen Karkamuko etxean, ordea, arkume erditu berriak, esnekoak, pabiloian gordeak edo ondoko larrean izaten dituzte udazken eta neguaren arteko garai honetan, saltoka eta korrika, amaren begirada zorrotzpean. Sasi ardi arrazakoak dira guztiak, eta, arriskuan dagoen tokiko abere arraza izanik, espeziearen ugalketarako hazten dituzte gehiago, haragi bezala merkaturatzeko baino. Andresek azaldu duenez, Karkamuko arkume guztiak amekin egoten dira lau hilabete bete arte, Karankan eta Uribarri Gaubean dituzten larreetan bazkatzen. Ondoren, eme batzuk umatzeko gordetzen dituzte, eta besteak beste artalde batzuetan bizitzeko saltzen dituzte.

Arrak hazitarako uzten dituzte, eta arrazaren estandarra betetzen ez dutenak hamar edo hamabi hilabetera arte hazten dituzte, eta ondoren haragitarako hiltzen dituzte. "Guk animaliak zuzenean ekoizten ditugu beste sasi ardi artalde batzuk hornitzeko, batik bat; eta animalia handiaren haragia autokontsumorako erabiltzen dugu, eta baita inguruko jatetxeren baterako ere. Ez da jendea jaten ohituta dagoen arkume haragia. Eginagoa da, sendoagoa. Ez du arkumearen zapore tipikoa", azaldu du Andresek.

"Artzainek esaten duten bezala, sasi ardiek badute esnea, baina ez diote gizakiari ematen"

Izan ere, haragirako arraza da sasi ardia, ez da esne ardia, ez da emankorra, ez du balio gazta edo bestelako esnekiak egiteko. "Oso errape txikiak ditu, arkume bat hazteko balio dutenak soilik. Artzainek esaten duten bezala, sasi ardiek badute esnea, baina ez diote gizakiari ematen". Euskal Herrian, ardiaren errentagarritasun ia bakarra gazta produzitzea da, eta horrenbestez, sasi ardiekin bizi ahal izatea zaila da. "Berez, haragiaren errentagarritasuna oso mugatua da. Oraintxe bertan 40 amako artalde txiki bat daukagu, 80 buru guztira. Bistan da ezin duzula hortik bizi. Guk hortik bizi den abeltzain bakarra ezagutzen dugu Araban, Ismael Zubia, Hermuakoa. 400 sasi ardi ditu, eta mendi publikoa erabiltzen du. Berak nekazaritza eta ingurumeneko laguntzak lortzen ditu, NPBak; eta esne arkumea zuzenean saltzen du, eta, saiakera handiari esker, negozioa errentagarri bihurtzea lortu du".

Galtzear dagoen ondare genetikoa

Teresa eta Fernandoren jardueraren helburua oso bestelakoa da, ekonomikotik baino sozialetik baitu gehiago. "Guk hau ez dugu errentagarritasun ekonomikoagatik egiten. Gutxieneko errentagarritasunera iristen saiatzen gara, gastuak estali ahal izateko, baina gure helburua komunitateari ekarpena egitea da, boluntariotza moduko bat da. Elkartasunagatik egiten dugu, bizitzaren aldeko elkartasunagatik: galtzeko arriskuan dagoen ondare genetiko bat mantenduz, beste jabe batzuekin genetika partekatuz eta kalitatezko haragia ere ekarriz", azaldu du Andresek.

Sasi ardiak babestearen alde egindako apustuan pisu handia izan du bikotearen prestakuntzak eta ibilbide profesionalak. Izan ere, biak dira biologoak, eta naturaren kontserbazioan adituak. "Gutako inor ez dator ganaduaren mundutik; biologoak gara, bizitza osoan aritu gara basoko biodibertsitatea kontserbatzeko lanetan eta horretan dugu prestakuntza. Hau etxeko animalien biodibertsitatea kontserbatzearen aldeko lana da. Horretan lan egin nahi genuen. Arraza ezberdinek erabilera tradizionaletan duten balioa aitortzen dugu, eta klima aldaketara egokitzeko ekarpen posible bezala ulertzen ditugu", azaldu du karkamutarrak.

Hartara, 2013an erosi zuen bikoteak lehen hamar sasi ardiko artaldea, aurretik ahuntz azpigorriarekin saiakera egin ostean. "Ahuntzek arazo asko ematen dituzte, etxaldetik ateratzen ziren, eta aldatzea erabaki behar izan genuen. Ahuntzak kendu eta ardiak hartu genituen. Eta ardietan ahuntz baten antzekoena sasi ardia da". Ardi oso landatarra da, txikia, erdi basatia. Sastrakadietara oso egokitua dagoen animalia da; izan ere, arrazaren izena hortik datorkio.

Baina oso ardi xumea da, Andresek azaldu duenez, landa eta mendi inguruneetara oso ondo egokitzen da, eta ez du gizakiaren aldetik esku hartzerik behar. "Sasi ardiak ez zaitu bizitzeko behar, eta gu bezalako neofitoentzat egokia zen. Latxak arazo gehiago ditu, gaixotasun gehiago ditu, hankak apurtzen zaizkie, errape handiagoak dituzte, okerrago erditzen dira…. Sasi ardia independenteagoa da. Hamar sasi ardi uzten dituzu mendian, ahari batekin, eta otsoak jaten ez badizkizu, hor egongo dira nahi duzun arte".

Merkatuaren menpeko

Latxa ardiaren aitzinekoa omen da sasi ardia, baina merkaturako balio gutxi du. "Sasi ardiaren abantaila da bakarrik hazten dela, baina ez da emankorra– azpimarratu du Andresek–. Sasi ardia asko erabiltzen zen lursailak garbitzeko, larreak mantentzeko, baina hemen ardiaren errentagarritasun bakarra gazta da, eta sasi ardiak ez du balio gaztatarako. Hemen latxa jarri dute, beste leku batzuetan beste ardi mota batzuk jarri dituzten bezala", zehaztu du. Izan ere, Espainiako Gobernuaren datuen arabera, estatuan ekoitzitako ardi esnearen %66,3 assaf ardi arraza israeldarrarena da, oso emankorra delako, eta esne gehiena gazta eta esneki bihurtzeko erabiltzen da.

"Guretzat boluntariotza moduko bat da sasi ardiak haztea, komunitateari ekarpena egitea"

Merkatuaren produktibitatearen aurrean, tokiko abere arrazek duten balore kulturala eta genetikoa nabarmentzeko eta babesteko beharra ikusi duten abeltzainen artean sortu dute Euskal Herrian sasi ardien aldeko elkarte bat –bost bazkide dira Araban–, eta erkidegoko guztien artean Euskadiko Sasi Ardi Federazioa. "Oraintxe bertan sasi ardiak daude Euskal Herri osoan, baina liburu genealogiko ezberdinetan bilduta gaude: Nafarroan, Euskadin eta Ipar Euskal Herrian", azaldu du Andresek. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 3.125 animalia daude, eta 3.477 Nafarroan. Halaber, 42 abeltzain ari dira lanean sasi ardiekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 23 Nafarroan.

Bereizgarriak herrialdeka

Nafarroan gorde zen arraza, Pirinioetako mugan. Bertan geratu ziren azken abere talde txiki-txikiak, eta orain dela 15 edo 20 urte, desagertu egingo zela konturatu ziren nafar abeltzainak, eta erreferentziazko artaldeak osatzen hasi ziren. Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko abeltzainen ondoren, Bizkaiko eta Arabako artaldeak batu ziren proiektura. Herrialde eta erkidego diferenteak izanik, arrazaren inguruan lan egiteko askotariko moduak daude.

"Iparraldeko elkarteek ez dute programa bera jarraitzen, beste estandar bat dute, baina oso ondo ari dira lanean, produktua lantzen ari direlako, estandarra baino gehiago. Hemen lan asko egiten da estandarretik, eta han sasi ardien haragia sartzen ari dira jatetxeetan; Sena ibaiaren ertzean, adibidez, dirutza kobratzen dute gourmet produktu gisa saltzen dutelako… Hemen, ordea, burua hausten ari gara orban beltz bat ateratzen zaiolako arkumeari edo orban beltzik ez duelako arkumeak".

Artaldeak gobernatzeko modua ere arras desberdina da herrialde bakoitzean, tokian tokiko bereizgarrien arabera. Arabako mendebaldean, kasu, otsoa aintzat hartu behar dutela azaldu du Karkamuko bikoteak. "Gipuzkoarrek oraindik artaldea estentsiboan mantendu dezakete mendian, harraparien arazorik izan gabe, baina Araban jada ezin da hori egin. Mendebaldean batez ere, ezinezkoa da mendian ardiak mantentzea. Guk estentsiboan ditugu ardiak, lursail itxi handi batean. Ez dugu artaldea mendian, batetik, ezin dugulako horretan jardun, baina ahalko bagenu ere badakigu hemen ezin dituzula ardiak bakarrik utzi, otsoak daudelako, eta kito. Erabilera dagoenera egokitu behar da, eta etxaldera joan behar gara", azpimarratu dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago