Erraldoiaren alboan txikia. Urtean 40.000 milioi watteko energia sortzen duen eta 67.000 eguzki plaka dituen Euskal Autonomia Erkidegoko parke fotovoltaiko handienaren aurre-aurrean, Erriberabeitiko Tokiko Energia Komunitatea sortu dute bizilagunek, eraikin publikoetan paratutako 600 eguzki panelekin 300 kilowat sortuko dituena. Zero kilometroko energia dela azpimarratu du Erriberabeitiko alkateak, bertan sortu eta kontsumituko dutena.
Ribabellosako 86 etxe eta enpresa sartu dira jada Erriberabeitiko Udalak sustatu duen proiektuan. Amado Martinez de Iturrate alkatearen eskutik abian jarri zuen udalak energia komunitatearen inguruko parte hartze prozesua, martxoan, informazioa postontzietan banatuz. Lau batzar egin ondoren, irabazi asmorik gabeko enpresa kooperatibo baten aholkularitzapean, energia komunitatearen sorrera akta adostu zuten irailean.
"Hasieran, normala den bezala, zalantzak izan dira, baina proiektuari buruzko informazioa helarazi ahala desagertu egin dira", azaldu du Martinez de Iturratek Añana Bizirik aldizkarian. Ekimenean izena eman dutenen artean, etxeez gain, negozio txikiak daude. "Bonu soziala duten pertsonak eta hogeita bi udal kontagailu sartzen dira", azaldu du alkateak.
Energia trantsizio "justu, iraunkor eta demokratiko baten beharra" aldarrikatu du Erriberabeitiko alkateak
Ekimena komunitate bokazioarekin sortu dela azpimarratu du alkateak. "Guk, udal gisa, prozesuan lagundu nahi izan dugu, baina ez genuen lidergoa bilatzen, gure helburua taldea askatasunez kudeatzen uztea da". Hartara, auzokideen batzarrak zuzendaritza eta talde eragilea aukeratu ditu, eta funtzio horiek borondatez hartu nahi izan dituzten pertsonen artean egin da aukeraketa.
Panelak teilatuetan
Urriko bigarren astean, trantsizio energetikoa eta mugikortasun iraunkorra sustatzen dituen IDAE erakunde publikoaren diru laguntzak jasotzeko proiektu teknikoa kontratatu zuen energia komunitateak. Diru laguntza eman ondoren, plakak instalatuko dira, eta hilabete gutxi barru martxan jarriko dira.
Instalazioak 300 kilowat inguruko potentzia izango du, eta udal eraikin batzuetako teilatuen gainean egongo da. Lehenengo plakak Unamunzaga ikastetxe publikoaren teilatuan eta kiroldegian jarriko dira. Guztira 600 panel baino gehiago jartzea aurreikusi dute, eta horrek argiaren fakturan aurrezpen handia ekarriko die energia komunitatearen kideei eta udalari berari.
Erriberabeitiko Udalak azaldu duenez, kontuan izan behar da legeak energia komunitatera batzeko inskripzioa mugatzen duela instalaziotik bi kilometroko inguruan daudenei, eta, beraz, proiektuan ezin izan da udalerriko beste herririk sartu, eta mugatu da ekimena.
Energia komunitate bat sortzea izan da Ribera Baja Bizirik taldeak udal gobernuan dagoenetik markatu duen erronka nagusietako bat. "Hori izan da gure ideietako bat, klima aldaketaren aurkako borroka eta energia trantsizio justu, iraunkor eta demokratiko baten beharra, autokontsumoa sustatuz, garraiorako linea elektrikoen beharrik gabe, eta energia gertatzen den lekutik gertu kontsumitzea". Programa aurrera ateratzeko, udalak 240.000 euroko partida du bere aurrekontuetan, talde politiko guztiek babestuta.