"Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Erriberabeitiko Udalaren etika eza salatu nahi dugu; onartezina da bi erakunde publikoak Ekiluz (Krean eta Repsol) bezalako enpresa pribatu baten komertzial gisa jardutea". Erriberabeitia Bizirik udal talde independenteak oharra kaleratu du udalerriko hainbat bizilagunek argiaren fakturarekin izan duten ezustekoaren aurrean; eta azaldu dute Ekian parke fotovoltaikoaren argindarra kontsumitzeko proposamenaren ondoren, Ekiluz taldera aldatu diren herritarrei %30 garestitu zaiela argindarraren faktura.
Talde independenteak azaldu duenez, Ekianek Ribabellosan duen planta fotovoltaikoa aprobetxatuz, argindarraren fakturan %30eko murrizketa agindu zuen EAJk aurreko hauteskundeetan. Horren ondotik, maiatzean, udal gobernuak eta Energiaren Euskal Erakundeak bilera ireki batzuk deitu zituzten, eta han Ekiluz izeneko merkaturatzailea aurkeztu zuten. "Bilera horietan, udalerriko kontsumitzaile guztientzat argiaren horniduran proposamen onuragarri bat planteatzen da, bi printzipio hauetan oinarritua: gardentasuna eta prezio justu eta lehiakorra". Bada, talde independenteak salatu du lehen fakturak jaso ondoren, argindarraren kostua ez dela murriztu ikusi dutela hainbat bizilagunek, harriduraz, eta aldiz, %30 igo diela Ekiluzek faktura , "EEEk eta gobernu taldeak antolatutako bilera ireki horietan eskaintzen zena bete gabe utziz".
Erriberabeitia Bizirikek azpimarratu du, gainera, baldintza nagusia zela Ekian parkearen funtzionamendu-orduak 0,067 euro kilowatt-ordu ordainduko zirela, eta fakturan ikusten denez, kilowatt guztiak merkatu libreko prezioan kobratzen dituztela. Hala, EEEri eta Erriberabeitiko Udaleko gobernu taldeari, herritarren eskakizunen aurrean "gardentasuna" eskatu diete, eta iragan urriaren 18an, bi bilera egiteko eskatu zuten, lehengoan Ekiluz enpresarekin gertaera horiek argitzeko, eta bigarren bat, herritarrei irekia, arazo horiek konpon ditzaten.