Helikoptero laranja batek hautsi du goizean Gaubeako lasaitasuna. Estulizko gazteluaren eraberrikuntzan lanean hasteko ezinbestekoak diren materialak –aldamioak, hormigoia, masaderak– igotzen ibili da aireontzia ordu luzez, eta inguruko hainbat bizilagun bertaratu dira irudiak hartzera. Arratsaldeko lehen ordurako kargamentu guztia paratu dute mendiaren goialdean langileek, eta hurrengo egunetan hasiko dira eraikin zaharra finkatzeko lanak.
Gaztelu erasoezina izateko eraiki zuten Erdi Aroan Estuliz, eta horrenbestez, mendiko bide estu batetik bakarrik sartu daiteke bertara. Hortaz, gaztelua berreskuratzeko aurrekontuaren zati handi bat erabili behar izan dute helikoptero bidez materialak igotzeko. Ez da lehen esperientzian, izan ere, 2019an, Zaitegi eta Letona artean, San Vitoresko ermita berreskuratzeko hala egin zuten. "Sarbidea ez da erraza izango mendian dagoelako, eta asmoa ez da autopistarik edo bide handirik eraikitzea. Proiektu jasangarria izango da, hasieratik bukaera arte", esan dute arkeologoek.
Oso egoera txarrean dago Estulizko gaztelua. Urte luzez erabat abandonatuta egoteagatik, sastrakek eta arteek gazteluaren harresia, armen patioa eta dorrea okupatu eta hondatu dituzte, eta denborarekin ere gazteluaren kareharrizko talaian lur-jausiak gertatu dira. Hondamenditik salbatzeko eta duen garrantzia zabaltzeko proiektua martxan jarri dute aurten, eta Gaztelua Berreskuratzeko eta Balioztatzeko Proiektua martxoan aurkeztu zuten.
Orain arte, gazteluak dituen arrisku larrienak konpondu eta gero, planoak, altxaerak eta mozketak marraztu dituzte, eta ingurunea topografiatu dute. Hala, 933 argazkirekin eta hainbat plano topografikorekin gazteluaren 3D bidezko irudi ikusgarria osatu dute Enklabe enpresako teknikoek. Datu horiek guztiak oraingo fasean erabiliko dituzte, hain zuzen, orain hasi eta hurrengo urte osoa hartuko duen denboraldian, gazteluaren dorrea finkatzeko lanak egiteko fasean.
Bideoa: Jose Antonio Salazar