mila madinabeitia

"Gaubean merkatu bat egitea utopia zela esan ziguten"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko abe. 8a, 08:00

Zaballako Ugala gaztandegiko Mila Madinabeitia hasieratik egon da proiektuan. Argazkia: PHOT.OK

Ekoizleen, artisauen eta Añanako biztanleen topalekua bilakatu da Uribarri Gaubeako frontoia hilabetean behin; azken urtean produktore gazteak batu dira proiektura, eta biziberritu egin dute ekimena.

Hamabi urte bete ditu Gaubeako Ekoizleen eta Artisauen Azokak eta osasun inbidiagarria izaten jarraitzen du. Hilabetero egiten dute, hilabeteko lehen igandean, Uribarri Gaubeako frontoian, urtarrilean izan ezik. Mila Madinabeitiak, Ugala gaztandegikoak eta proiektuaren sustatzailetako batek, merkatu txikiaren nondik norakoak azaldu dizkio ALEAri.


Hamabi urte bete ditu dagoeneko Gaubeako azokak. Nola sortu zen ideia?
Brasilera egindako bidaia batean sortu zen. Bertan beste mundu bat aurkitu genuen; jendea nola antolatzen zen, ekoizleen merkatuak aurkitu genituen, zuzeneko salmentarekin, eta ideia horiekin itzuli ginen. Horretaz gain, guk Mikel Kormenzana  Tologorrikoaren erreferentzia genuen, Urduñan egiten den merkatuaren erreferentzia, hain zuzen, eta nik garai hartan Gaubeako Turismo bulegoan egiten nuen lan, eta Yoli Sobronekin ere hitz egin nuen hemen horrelako merkatu bat egiteko asmoari buruz, eta orain dela hamabi urte Patata Azokan egin genuen proiektuaren aurkezpena. Gogoan dut alkateak esan ziguna: hau utopia bat da.

Inguruko ekoizleekin lan handia egin zen ordu hartan.
Bai. Bilera asko eta asko egin genituen hemengo inguruko ekoizleekin. Gure asmoa hasieratik zen helburu komunak izatea eta horiek ondo finkatzea: helburu gutxi baina oso argi definituak nahi genituen izan.

Zeintzuk dira Gaubeako merkatuaren ezaugarri nagusiak?
Ekoizle eta artisauak bildu ginen lehenbiziko batzar horietan adostu genuen gure ezaugarri nagusia ekoizlea edo artisaua izatea izango zela, eta birsalmentarik ez onartzea. Ez ditugu paperak begiratzen, baina altan dagoenak lehentasuna du; adibidez, jubilatu bat etortzen bada tomateak saltzen ezetz esaten diogu, beste toki batean izango duela aukera. Añana osoko eta inguruko herrietako ekoizleak ere hartzen ditugu, eta hilabetero gonbidatu bereziak. Gainera, gure zonaldeko herri mugimenduek ere tokia izan dute beti merkatuan haien lanaren berri emateko.

Imajinatzen zenuten proiektuak hamabi urte beteko zituela?
Egia esan, ez ginen ausartzen ere pentsatzera horrenbeste denbora iraungo zuenik merkatuak. Ondo gogoan dut lehen azokan udalaren goiko solairuan nengoela merkatua jendez lepo zegoela leihotik ikusten, eta negar malkoak aurpegian behera erortzen zitzaizkidala.

Zer erantzun izan duzue Gaubeako herritarren partetik?
Orokorrean ona, baina garai batzuetan ez dira asko etortzen. Gertatzen dena da hemen oso jende gutxi bizi garela, eta zaila da. Dena den, ekoizleontzat eta artisauontzat merkatu hau oso garrantzitsua izan da beti; azkenean lortu dugu sare bat osatzea, eta gure artean oso harreman ona dugu.

Pandemia garaian, esate baterako, produktuak etxez etxe banatzeko antolatu zineten.
Oso esperientzia polita izan zen, merkatuari jarraipena emateko apustua izan zen. Elkartzen ginen Salcedon, eskaeren zerrenda bat genuen, eta banaketa egiten genuen, Gaubeara, Losara, Kuartangora, Lantaron aldera…

Ekoizle berriak ere hurbildu zaizkizue?
Bai. Batzuk sortu dira; adibidez, guretzat aurtengo berritasun nabarmenena izan da Valpuestako ogi labea berriro irekitzea eta merkatuan zuen tokia berreskuratzea. Opari bat izan da guretzat Hodei eta Idoiaren parte hartzea, jende jatorra, jende gaztea… Lidia ere hasi da duela oso gutxi, Berantevillakoa, latxa ardiaren artilearekin lan egiten duen artisaua. Haize freskoa ekarri dute gazteek, eta behar genuen, oso animatuta gaude.

Merkatu txikien artean, Gaubeakoa izango da Araban sortu zen lehenetarikoa?
Hau berezia da txikia delako eta bakarrik ekoizleak gaudelako. Normalean beste azoka batzuetan birsalmenta dago, eta ez dira hemengo ekoizleak bezala, ingurukoak. Hori ere oso garrantzitsua da.

Izaten duzue erakundeen babesa?
Gaubeako Udala beti atzean egon da; guk ez diegu ia ezer eskatzen, baina frontoia erabiltzen dugu eta lokalak erabiltzen ditugu gauzak gordetzeko. Harreman ona dugu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago