Gineako kontzejuaren desagerpena onartu dute batzar nagusiek

Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 12:23

Gineako kontzejua desagertu egin da. Argazkia: ALEA

Anartz Gorrotxategi Lurralde Antolaketako diputatuak herrietako bizikidetzari buruz hausnartzeko deia egin du.

Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak Gineako kontzejuaren desegitea arautzen duen foru arauaren proiektua onartu du, foru gobernuaren (EAJ-PSE), eta EH Bilduren aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta Elkarrekinen ezezkoa botoarekin. Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako diputatu Anartz Gorrotxategik "herrietako bizikidetzari buruz hausnartzea eta gure landa eremuan bizitzeak dituen onuren mezu positiboa helaraztea" eskatu du, Gineako kontzejua desegin ondoren.

Kontzejua desagertzea eta eskumenak Gaubeako Udalaren eskuetan uztea izan da Gineako herritarrek hartu behar izan duten azken erabakia, herrian dagoen bizikidetza arazoari amaiera emateko. Hala, 2022ko maiatzaren 25ean eskaera egin zion Gineako kontzejuko lehendakariak Arabako Foru Aldundiari kontzejua desegiteko prozesuari hasiera eman ziezaion. Batzar horretako aktan jaso dutenez, "luzaroan daude auzokideen artean harreman txarrak eta liskarrak kontzejuan; eta herriaren gobernua larriki eragozten eta zailtzen dute". Liskarrek "kalte egiten diete auzokide guztiei batzar administratiboaren eskumeneko zerbitzu publikoak emateari dagokionez", azaldu dute. Kontzejuen Foru Arauaren 23. artikuluak eskatzen duen bezala, biztanleen bi hereneko gehiengoarekin egin dute eskaera Ginea desagertzeko.

Josu Lopez Ubierna PSEko bozeramaileak "Gineako kontzejuaren zati bati" erantzuten dion erabakia defendatu du, "zerbitzu publikoen prestazioa bermatze aldera".

Bere aldetik, Javier Argote EH Bilduko batzarkideak "baiezko kritiko" gisa azaldu du bere botoa, "Gineako kontzejuak hartutako erabakia errespetatzeko", eta "ez delako Batzar Nagusien eginkizuna kontzeju batek hartutako erabaki bat baliozkoa den ala ez erabakitzea".

PPk kontzejua desagertzearen kontra agertu da, baina bozketan abstenitu egin da; Elkarrekinek kontra bozkatu du, gogoratuz kontzejuen inguruko ponentzia biltzen ari dela batzar nagusietan.

Erlazionatuak

Paradisua infernu denean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute urt 29 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago