Putzu batean erromatarren zeramika bilduma "bikaina" eta fauna hondar "bitxia" agertu ziren 2020. urtean, Villamaderne eta Espejo artean, Las Ermitas aztarnategian. Pieza guztien datazioa eta testuinguruaren azterketa lanak egin eta gero, lehen emaitzaren berri eman dute arkeologoek. K.o. IV. mendeko azken unean edo hurrengo mendearen hasieran betetako putzu sakratua izango litzateke Gaubean aurkitutakoa, eta nahita bota zituzten bertara zeramika eta hezur zatiak, mota guztietako hondakinekin ura kutsatuz, desakralizatzeko.
Lehena Euskal Herrian
Euskal Herrian horrelako egitura bat agertzen den lehenbiziko aldia dela azaldu dute adituek, baina Europan ezagunak dira horrelako putzu sakratuak. Sebastien Lepetz eta Alice Bourgois arkeologoek, adibidez, Frantziako iparraldeko erromatarren ondorengo putzuak ikertu dituzte, eta desakralizatzeko nahita egindako saiakerak dokumentatu dituzte. Dirudienez, erritu horien helburu nagusia egitura ez erabiltzea eta ondoren putzuak kutsatzea eta ura eskuraezin eta ezpuru bihurtzea zen. Beste adibide batzuk ere badira, hala nola Herbehereetako, Suitzako eta Erresuma Batuko aztarnategietan.
Gaubeako putzu sakratuaren aurkikuntza, 2020ko irailean abiatu zen. Villamadernetik Espejora hondakin ur biltzailea eramateko obraren barruan, Las Ermitas aztarnategiaren inguruan, zundaketa arkeologiko batzuk egin zituen Raul Leorza Alvarez de Arkaia arkeologoak. Bi zundaketetan aztarna arkeologikoak azaldu zirenez, baimena eskatu zuen Leorzak eremua zabaltzeko. Arabako Aldundiak proposamena onartu ondoren, Iterbide enpresak egin zuen indusketa, urria eta azaroa bitartean. Horma bertikalak eta oinarri laua (3 x 2 x 3,60 m-ko sakonera) dituen putzu obalatu bat aurkitu zuten, hondarrez beteta. Aurkitutakoa sakon aztertu dute Miguel Loza, Luis Carlos Juan, Javier Niso eta Idoia Grau-Sologestoa adituek, eta ondorioak publiko egin dituzte.
Zeramikarekin batera, "bitxia" da ere putzuan agertu den animalien hezurren bilduma
Putzu sakratuaren barruan agertu den zeramika artean, mota desberdinetako bost ontzi zenbatu dituzte, egoera ezberdinean: bi plater, lapiko bat eta ia osorik agertu den pegar bat. Azken ontzi hori oso berezia dela azpimarratu dute ikertzaileek, familia horretako piezarik ez baita inoiz agertu Iberiar Penintsulan hain iparraldean; eta Euskal Herrian ere ez dute inoiz horrelakorik aurkitu.
Aurpegiak pegarrean
Aztertutako familia horretako ale bakanak Tarancueñan (Soria), Gallurren (Zaragoza) eta La Pesqueran (Zaragoza) daude. "Espejokoak ezagutzen ditugun mota horretako gainerako pieza ezagunak baino morfologia lirainagoa eta landuagoa du", esan dute. Gainera, pegarrak guztien artean dekoraziorik finena, landuena eta bereziena du, "hainbat lerro horizontalez mugatutako eta sei elementu osoz osatutako friso batez osatua". Sei motibo horiek oso eskematizatutako giza aurpegiak irudikatzen dituztela uste dute ikertzaileek.
Zeramikarekin batera, "bitxia" da, baita ere, adituen arabera, Las Ermitas aztarnategiko putzuan agertu den animalien hezurren bilduma. Aipatu dute berreskuratutako hondakin kopurua handia dela, putzuan dagoen espazio urria kontuan hartuta: 32 txerri, 24 txakur, bost behi, zaldi bat eta bi ahuntzen hezur zatiak dokumentatu ahal izan dituzte, besteak beste. Bigarrenik, multzo horren osaera ere bitxia dela diote azterketaren egileek, erromatarren garaian kontsumitzen ez ziren animalien hondakin kopuru oso handia dagoelako (adibidez, txakurra eta zaldia), eta erromatarren ondoren inguru horretan ohikoak ziren espezieen ehuneko oso txiki bat dagoela (adibidez, oiloa, behia, ardia eta ahuntza). Gainera ia ez dago animalia basatien hondakinik, eta daudenak ez dira ohikoak (adibidez, kastorea eta korbidoa). "Oro har, ez dirudi kontsumitutako fauna multzo bat denik; ez dirudite etxeko hondakinak, ezta oturuntza baten hondarrak ere", ondorioztatu dute.
Gaubeako hiri erromatar handia
Las Ermitas Euskal Herriko erromatar garaiko aztarnategi garrantzitsuenetako bat da. Ebroko harana eta Kantauriko kostaldea lotzen zituen zeharkako ibilbide baten trazaduran kokatu zen; eta Iruña Veleiaren ondoren, Arabako erromatarren garaiko bigarren kokaleku zabalena izan daitekeela adierazi dute zenbait adituk. Kokalekua, K.o. I. mendearen erdialdean sortu zen, Karankako Lastrako kastroen inguruko Uxama Barca oppidum indigenatik etorritako biztanleen ekarpenari esker; eta K.o. VI. mendearen hasierara arte okupatu zuten. Idoia Filloyk zuzenduta, 1995. urtean, 3.000 metro koadro inguruko indusketa bat egin zen aztarnategi horretan, eta hainbat eraikin agerian jarri zituzten, tartean etxebizitzak, biltegiak eta ukuiluak, eta baita eraikuntza desberdinen arteko komunikazio bideak ere, harri-zoladurekin osatuak.