Ammonoidea klaseko animalia baten fosil erraldoi bat azaleratu eta berreskuratu dute Iruña Okan, diputazioak ezagutzera eman duenez. Uneotan fosila Zaharberrikuntza Zerbitzuan dagoela argitu dute; behin kontsolidatu ostean, Natur Zientzien Museora eramango dute, bertan ikertu eta erakusteko.
61x56x6 zentimetroko neurriak ditu fosilak, eta egoera onean dago. Iruña Okako harrobitik gertu agertu da, duela 87 milioi urte —Goi Kretazeoan— bizi izan zen molusku baten aztarna hori.
Arabako Natur Zientzien Museoaren bilduma zaintzen duen Biogearium enpresako paleontologo eta Geologian doktore Carmelo Corralek irailaren hasieran jaso zuen horren berri ematen zuen deia, eta hilaren 4an egin zuten lehen bisita, in situ.
Fosilen bidezidorra
Zehazki, bertakoen artean Fosilen bidezidorra gisa ezagutzen den eremuan aurkitu zuten abuztuaren amaierako euriteen ondoren. "Herriko kanpoko aldean dagoen lauzen tokia da, eta herriko jendea hara joan ohi da, egurastera, oso toki atsegina delako", azaldu du Corralek. "Bertan fosilak daude, adibidez, micraster asko aurkitu daitezke, bost puntako izarra dituzten ekinodermoak, hain zuzen".
MENDEBALDEKO EUROPA UHARTEDI BAT ZEN KRETAZEOAN, ETA ARABA GEHIENA ITSASPEAN ZEGOEN
Paleontologoak nabarmendu nahi izan du aurkikuntzan rol garrantzitsua jokatu duela Maru Ortiz de Urbina herriko bizilagunak, fosila aurkitu zuten mendizaleek hari eman baitzioten horren berri, eta Ortiz de Urbina izan zen paleontologoarengana jo zuena, fosilaren berreskurapen egokia ziurtatuz.
Horrelako protokoloa jarraitzeko beharra azpimarratu du, hain zuzen, Ana del Val Kultura diputatuak, fosilaren berri ematean. "Edozein elementu paleontologiko aurkitzean, berehala jakinarazi behar zaie ondarearen babesaren ardura duten agintariei", esan du Del Valek.
Azaleratutakoaren garrantzia azpimarratu du diputatuak: "aurkikuntza handitzat" jo du, eta museoan antzeko tamaina duen hirugarren amonitea izango dela aurreratu du.
'Mirariaz' kontserbatua
Corralek adierazi duenez, abisua jaso eta gutxira herriko batzar administratiboarekin harremanetan jarri ziren aldundiko bildumetarako lanean ari diren adituak.
Ondoko landa lanetan egiaztatu ahal izan zuten alea egoera onean zegoela, apurtu gabe, eta, zorionez, fosila onik eta osorik ateratzeko moduan egon dira paleontologoak. Gainera, zorte handia izan dute, Corralek ALEAri azaldu dionez. "Aurkitu genuenean, bost zentimetro ingurura, hiru tokitan arrakala natural sakonak zituen, baina zorionez fosila ez dute kaltetu. Mirari geologikoa da kaltetu ez izana".
OSKOLEAN URA SARTU ETA ATERAZ MUGITZEN ZIREN AMONITEAK UR ZUTABEAN GORA ETA BEHERA EGITEKO
Gorantz zegoen aldean, zenbait puntutan uraren ondorioz sortutako meteorizazio apur bar zuen fosilak, baina atzeko aldea askoz hobeto kontserbatu da, animaliaren forma mantenduz. Zentzu horretan, fosila nola sortu zen ulertzea funtsezkoa da. "Animalia hil zenean, itsasoan hondoratu eta oskola lohiaz bete egin zen. Ondorengo sedimentazioak pixkanaka oskola lurperatu zuen, milioika urteen poderioz, ziklo geologikoarekin batera, lohia arroka bihurtu zen arte".
Animalia hauek aragonitozko oskolak zituzten, eta, horregatik, oskolaren minerala denborarekin disolbatu egin zen. Modu horretan, barruko eta kanpoko moldeen arteko muga mehe bat eratu zen, eta horrela geratu dira barruko moldea zein inguruko materiala bereizita. Mailu, zizel eta pazientzia askorekin, paleontologoak gai dira fosilak arrokatik atera eta animaliaren itxura berreskuratzeko. Behin itxura izanda, fosil hauek nahiko adierazgarriak dira datazioa zehazterakoan.
"Amoniteen historia ebolutiboan, espezie bakoitzak denbora gutxi irauten zuen. Ondorioz, gerora errepikatuko ez ziren forma asko daude, azkar eboluzionatu zutelako. Horrela, forma zaharrenetik hasi eta berrietara eskala bat egin dezakegu". Hala, forma horietako bakoitza erraz lotu daiteke garai geologiko batekin. Kasu honetan Goi Kretazeokoa dela jakin badakite; zehazki, Conaciar estaikoa.
Itsaspeko ekosistema
Garai horretako Mendebaldeko Europa uhartedi bat zen. Eremu eusko-kantauriarra, zehazki, itsas plataforma bat zen, eta itsasoaren gehienezko sakonera 200 metrokoa zen. "Kostatik urrundutako itsas ekosistema zen. Hori jakin badakigu kostaldetik gertu egonez gero, horrelako molusku bat itsaslabarren kontra herrestatua izango zelako".
Amoniteak nahiko era baldarrean mugitzen ziren itsas zutabean gora eta behera. Itsaspekoen antzera, oskola urez betetzen edo kanporatzen zuten, eta horren arabera lortzen zuten flotagarritasun gehiago edo gutxiago. Horizontalean, berriz, zurrusta propultsioaz baliatzen ziren mugitzeko.