Tubos Reunidos -Premium Threads- enpresaren Langraiz Okako lantegiko beharginen "gehiengo zabal batek" bat egin zuen atzo ELAk, CCOOk eta UGTk deitutako lehen greba egunean. Hitzarmen kolektibo propioa izateko negoziazioetan "aurrerapausorik egon ez dela" nabarmendu du ELAk, eta prozesua desblokeatzeko greba mugagabea deitu dute sindikatuek. "Erosteko ahalmena bermatzea, lanaldia murriztea eta hainbat plus eguneratzea" da langileek aldarrikatzen dutena, besteak beste.
Uztailaren 15ean lehenengo greba deitu zen Langraizeko lantegian. 73 langile daude lantegi honetan, eta hiru astez iraun zuen greba hark. Bestalde, Tubos Reunidosen Amurrio eta Trapagarango lantegiak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batekin aritu dira uztailera arte. Enpresak espero du urtearen bigarren erdian egoera hobetzea, urtearen hasieran eskari txikiarekin hasi izan arren.