Uztailaren 15etik abuztuaren 2ra arte greba egingo dute Tubos Reunidos Premium Threads faktoriako langileek. 2023an amaitu zen aurreko enpresa hitzarmenaren indarraldia, eta urte hasieratik negoziatzen daramate enpresaren zuzendaritzak eta langileek, baina ez dute aurrerapenik lortu.
ELAk prentsa ohar batean azaldu duenez, negoziazio horietan ELAk, CCOOk, eta UGTk argi utzi dute hitzarmen propioa izan nahi dutela. "Zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean, batzordeak greba uztailaren 15etik abuztuaren 2ra arte egitea erabaki du", esan dute. Sindikatuek galdegin dutenez, lan baldintzak hobetu behar dira, eta enpresak horretarako gaitasun nahikoa duela nabarmendu dute.
73 langile ditu Tubos Reunidos Premium Threads sektore siderometalurgikoko enpresak. Petrolioa eta gasa erauzteko soldadurarik gabeko altzairuzko hodien loturak eta mekanizazioa fabrikatzen ditu; eta Subillabide industrialdean kokatuta dago, Langraiz Okan.