Udazkenean, botanikora berriz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko mai. 24a, 11:06

Mundu osoko 1.200 espezie biltzen ditu Badaiako Santa Katalinako lorategi botanikoak. Argazkia: PHOT.OK

Iruña Okako Udalak Badaiako Santa Katalinako lorategi botanikoa berritzeko lanak esleitu ditu. 2022tik itxita dago, baina udazken honetarako lanak amaitzea eta berriro zabaltzea aurreikusi dute.

Apirilean esleitu ditu Iruña Okako Udalak Badaiako Santa Katalinako lorategi botanikoa berritzeko obrak. Ingenieria y Técnicas Globales de Resolución Ambiental enpresa arduratuko da lanez; maiatzean hasiko dira obrak, eta lau hilabeteko epean amaituta izan beharko dituzte lan guztiak. Guztira, 918.839 euroko inbertsioa egin beharko du udalak lorategia berritzeko, eta Europako Batasunaren Next Generation programatik datozen funtsekin finantzatuko ditu.

Badaiako lorategiaren ureztatzeko instalazioen erabateko berrikuntza ekarriko du obrak. Hala, besteak beste, euriurak berreskuratzeko sistema berri bat ezarriko dute: parkearen beheko aldean eraikiko duten biltegi berri batera bideratuko dira euri-urak, eta modu horretan ureztatze sisteman erabili ahalko dira, botanikoaren kontsumoa nabarmen murriztuz eta haren aztarna eko- logikoa hobetuz.

Halaber, oraingo instalazio elektrikoaren ordez, parkearen egungo neurriari egokitutako sareak jarriko dituzte, eta instalazio guztia lorategiko beste eremu batzuetara zabaltzeko prest utziko dute, aurrerago beharrezkoa izanez gero. Gainera, lorategiko bidexken argiztapena egokituko dute. Iraunkortasunean aurrera egiteko, ildo beretik, energia fotovoltaikoko instalazioak egitea aurreikusita dago, eta aparkaleku nagusian auto elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzea ere.

Bestalde, Tresponde inguruan kokatutako lorategiaren barruan floraren eta faunaren jarraipena egiteko kamerak instalatuko dituzte. Azkenik, lorategi osoari wifi seinalea ematea aurreikusi dute, zuntz optikoaren sarea zabalduz, bisitarien eta langileen sarerako sarbidea errazteko.

Oro har, behar diren segurtasun baldintzak bermatuko dituzte, herritarrek lorategi botanikoa errazago erabili ahal izan dezaten. Hartara, lorategian baldintzarik onenak eskainiko zaizkie bisitari guztiei, eta esparruan dagoen flora eta fauna dibertsitatea kontserbatuko dute, baita gauean zerua behatzeko jarduerak egite-ko baldintza egokiak ere.

Hiru urtez itxita

Badaiako lorategiak 2022an itxi zituen ateak, ezinbesteko berritzeko prozesu horri ekiteko. Aurretik, 2021ean, 17.101 bisitariren erregistro historikoa izan zuen, 1999an ireki zenetik bisitarien kopururik altuena. Antolatzaileen esanetan, neurri handi batean, lorategian antolatutako jarduera kopuru handiak eragin zuen jende gehiago biltzea.

1999AN EROSI ZITUEN IRUÑA OKAKO UDALAK BADAIAKO SANTA KATALINAKO HONDAKINAK

Berritze lan horiekin, Iruña Okako Udalak zifra horiek berreskuratu nahi ditu, eta, aldi berean, naturgune hori jasangarritasunaren eta garapen turistikoaren eta ingurumenaren babesaren arteko orekan erreferente bihur dadin dute helburu.

Historia luzea

Iruña familiaren etxe nagusia izatetik komentu izatera igaro zen 600 urteko tartean Badaiako Santa Katalina. Gainbehera 1836. urtean gertatu zen, Lehen Karlistaldian hain zuen. Ordurako hutsik zegoen eraikina, eta Otxoa jeneralaren karlistek gotorleku gisa erabili zuten. Abuztuaren 6an Zurbano jeneral liberalak komentua hartu eta su eman zion. Eraikin nagusiaren goiko parteak, teilatua eta ondoko edifizio batzuk erre egin ziren.

Jarduera ugari antolatu izan dituzte Trespondeko lorategian. Argazkia: PHOT.OK

Gero, besterik gabe, naturak eremu osoa hartu zuen, 1999. urtean Iruña Okako Udalak 32.500 metro koadroko hondakina erosi, eta bertan lorategi botaniko bat kokatzea erabaki zuen arte. 2003. urtean inauguratu zuten Arabako lorategi botaniko bakarra, bost kontinenteetako 1.200 espezie botaniko biltzen dituena. Zortzi urte geroago, eta eraikinen egoera gero eta kezkagarria zela ikusirik, udalak Santa Katalinaren eraberritze osoa bilduko zuen egitasmo bat martxan jarri zuen. Hurrengo hogei urteetan, hondakinen baratza izatetik lorategi botaniko eta monumentu multzo ikusgarria izatera pasatu da.

Izan ere, 2023an, Badaiako Santa Katalina monumentu izendatzeko espedientea abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Lorategiak eta bere inguruak dituen balio kulturalen artean, Jaurlaritzak azpimarratu du Santa Katalinak potentzial arkeologiko handia daukala "azterketa historiko eta arkeologiko integral bat egiteko". Hartara, jatorrizko dorrea, jauretxea, komentua, klaustroa eta azpiegitura hidraulikoaren kanpoko uharkak babestu ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago