Iruña Okako osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Langraiz Okako harrobiaren jarduera kautelaz gelditzeko, ustiapenak Subillako akuiferoan izan dezakeen eragina neurtu arte eta segurtasuna bermatzeko zer neurri hartu behar diren zehaztu arte. EH Bilduk aurkeztutako mozioari jarraituz hartu dute erabakia. Mozioaren aldeko botoa eman dute EH Bilduk, PSEk eta PPk; eta EAJ abstenitu egin da.
Langraiz Okako harrobia ustiatzen duen Heidelberg Materials enpresak, 2016an, Subillako akuiferoaren gainean dagoen kobazulo bat apurtu zuela jakin da aste honetan. Hain zuzen, Uraren Euskal Agentziak 2018an ohartarazi zuen Langraiz Okako harrobiak "eragin handia" duela Subillako akuiferoaren funtzionamenduan.
Gauzak horrela, Langraiz Okako Udalaren arabera, funtsezkoa da Subillako akuiferoaren babesa bermatzea, eta horregatik eskatu dute Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta URAk harrobiaren jarduerak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio zehatza egitea, neurri prebentibo eta zuzentzaile egokiak hartzeko. Halaber, udalak ez du baztertu azterketa independentea egitea.
Harrobiaren egoera ikuskatzeko abiatu behar den prozesuan ahalik eta gardentasun handiena bermatzeko eskatu du EH Bilduk, dagozkion txosten eta azterlanen zabalkunde publikoa barne, bai eta herritarrak eta tokiko erakundeak aktiboki inplikatzeko informazio bilerak eta kontsulta publikoak egitea ere.
EH Bilduk ohartarazi duenez, Subillako akuiferoaren uraren kalitatea eta kantitatea "arriskuan egon daitezke" Langraiz Okako harrobiaren jardueraren ondorioz; eta azpimarratu dute "ondorio larriak izan ditzakeela harrobiaren jarduerak osasun publikoan eta ingurumenean".