2016. urtean Langraiz Okako "Navarra Pequeña" harrobiaren jarduerak haitzulo bat bota zuen Subillako akuiferoaren gainean, eta zulo ugari agerian geratu ziren. Ordutik, euri asko egiten duen garaietan akuiferoaren maila igo egiten da eta harrobiaren eremuarekin bat egiten du. Hala, ura berriz akuiferora filtratzen denean harrobiko jarduera industrialaren hondakinak eramaten ditu lurpera. Harrobiaren enpresak bi txosten aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzari, argudiatuz ez zegoela arriskurik uraren kalitatean, eta Jaurlaritzak adierazi du uraren kalitateak ez duela kalterik jasan. Hala ere, URA agentziak ohartarazi du Subillako akuiferoa babesgabe dagoela gerta daitezkeen istripu edo erabilera okerren aurrean.
Honen aurrean, Iruña Okako EH Bilduren taldeak mozio bat aurkeztu du eskatzeko kautela neurri gisa eten dadila Langraizko harrobiaren jarduera. Harrobiaren ingurumen inpaktuaren azterketa integrala egiteko eskatu du, akuiferoaren eta inguruko ekosistemen egoera ezagutu eta babesteko. Bestalde, harrobiaren ustiapen baimena 2026an amaituko dela kontuan hartuta, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez diezaiola baimena luzatu.
Subillako akuiferoa ur biltegi estrategikoa da, Euskal Herriko handienetakoa. Egun Iruña Oka hornitzen du urez, baina etorkizunerako ur erreserba garrantzitsua da, Eusko Jaurlaritzak berak aitortu duenez. 2018an URA agentziak neurriak eskatu zituen haitzuloaren erorketak eragindako kalteak konpontzeko, eta akuiferoa kutsatzeko arriskua desagertu zedin. Baina ez dira beharrezko neurriak hartu eta 2024an oraindik ere harrobia urez betetzen da. Beraz, harrobian egon daitezkeen kutsadura iturriek akuiferoa luzerako kaltetu dezakete oraindik.