Aurreneko eta azken aldiz 1989. urtean egin zuten Zanbranan Zikoinaren Eguna; eta kalejira batean desfilatu zuen herriak, zikoinez jantzitako bizilagun baten atzean, Zanbranatik desagertu ziren hegaztiak erakartzeko. Kalejirak emaitza bikaina izan zuen, eta hegazti bidaiariek herriko elizaren kanpandorrean habia egin zuten.
Aurten, esperientzia berreskuratzea erabaki dute zanbranarrek, zortzi urte baitaramatzate zikoinen bisita jaso gabe. Lanari ekin diote, beraz, Zanbranako batzar administratiboak, jai batzordeak, Aloya Alaia kultur elkarteak eta udalak berak, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, maiatzaren 11n.
Hartara, Zikoinaren Egunaren bezperan, ostiralean, hitzaldia antolatu dute, gizarte etxean, 17:00etatik aurrera. Zikoinen inguruan arituko dira Atariako koordinatzaile Gorka Belamendia eta Zanbranako zinegotzi eta biologo Adrian Gonzalo. Larunbatean, 12:00etan, tokiko ekoizleen merkatua inauguratuko dute; eta halaber, txistulariak, txozna eta sarien banaketa izango da goiz osoan zehar. 13:00etan, pintxo pote eta tortilla txapelketa egingo dituzte; eta ordu erdi beranduago sokatira saioak antolatu dituzte helduentzat zein txikientzat. Herri bazkaria, 15:00etan hasiko da; eta ondoren, 17:00etan, Andoni Llosak haurrentzako zikoinen inguruko lantegia dinamizatuko du. 18:00etan, zikoin-bingoa izango da.