Langraiz Okako mural polemikoa ezabatzen hasi dira

Erredakzioa 2023ko aza. 24a, 09:54

Langraiz Okako gizarte etxeko murala desagertuko da.
Arkitektoen Elkargoak Iruña Okako udalaren aurkako epaiketa irabazi zuen. Epailearen ustez, jabetza intelektualaren eskubideak urratu zituen udalak eraikinaren ikuskera aldatzean, egileei aldez aurretik jakinarazi gabe.

Ostegunean hasi dira Langraiz Okako gizarte etxearen fatxadako horma-irudia ezabatzen. Ur beroaren sistema hidrodinamikoa erabiliz kenduko dute, eta nahikoa ez bada, gel motaren bat erabiliko da, biodegradagarria, ingurumenari eta eraikinari kalterik ez egiteko. 18.000 euro gastatu beharko ditu Iruña Okako Udalak, epailearen aginduak betetzeko.

Izan ere, ekainean jakin zen Arkitektoen Elkargoak udalaren kontrako epaiketa irabazi zuela. Arabako arkitektoek salatu zuten Iruña Okako Udalak urratu egin zituela Roberto Ercillaren eta Miguel Angel Camporen jabetza intelektualeko eskubideak. Arkitektoek murala obra arkitektonikoaren osotasunaren aurkako "atentatua" zela argudiatu zuten.

Azkenik, epaileak arrazoia eman zien arkitektoei, eta udala zigortu zuen eraikina bere onera itzultzera. Epailearen ustez, jabetza intelektualaren eskubideak urratu zituen udalak eraikinaren ikuskera aldatzean, egileei aldez aurretik jakinarazi gabe.

Langraiz Okako gizarte etxea 90eko hamarkadaren erdialdean eraiki zuten, eta Espainiako Arkitektura Bienalean aitortu zuten. Gainera, 2004an Veneziako Arkitektura Bienalean Espainiako pabiloia ordezkatzeko hautatu zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago