2022ko urrian, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Iruña Okako Udala auzitara eraman zuen, Roberto Ercilla eta zendutako Miguel Angel Campo arkitektoen "jabetza intelektualeko eskubideak urratzeagatik". Eraikina 1994 eta 1996 bitartean eraiki zuten, eta, besteak beste, Espainiako Arkitekturaren V. Biurtekoan aitortua izan zen. Baina 2020ko irailean, Iruña Okako Udalak eskatuta, Irantzu Lekue artista gasteiztarrak horma-irudi bat egin zuen eraikinaren fatxadan.
Arkitektoen Elkargoa "akordio adostua" lortzen saiatu zen Iruña Okako Udalarekin, murala egingo zela jakin zutenetik. Hala ere, azkenean epaitegietara jo zuten arkitektoek, "estetikari eta materialtasunari dagokionez horma-irudiak eraikinaren funtsezko balioa deuseztatzen duela" argudiatuz.
Orain, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio Arkitektoen Elkargoari, udala fatxada jatorrizko egoerara itzultzera eta horma-irudia ezabatzera behartuz. Epaiaren arabera, Ercilla eta Camporen "obraren osotasunerako eskubide morala" urratu zuen Iruña Okako Udalak. Horma-irudia zuzenean ezabatzeko zailtasuna dela eta, arkitektoek fatxadako marmolezko piezak aldatzea proposatu dute, zaharrak kenduz eta berriengatik ordeztuz.
Gainera, udala behartuta dago epaiaren eduki osoa argitaratzera zabalpen handiko Estatuko bi egunkaritan, zabalpen handiko EAEko bi egunkaritan eta arkitekturan espezializatutako bi aldizkaritan. Epaia ez da irmoa, eta Udalak helegitea aurkezteko aukera du oraindik.