Gauza harrigarrien denda

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko aza. 11a, 08:00

Carlos Sagasti San Zadornileko ferratokian antolatu duen dendan. PHOT.OK

Sare sozialetan iruzur baten biktima izan den arrebaren egoera ekonomikoa arintzeko, etxean zituen dozenaka gauza salgai jarri ditu Carlos Sagasti gasteiztarrak, San Millan de San Zadornileko ferratokian. 

Gauza harrigarri asko ezkutatzen ditu azken egunotan Gaubeako haraneko San Millan de San Zadornileko (Burgos) ferratoki zaharrak: Trueno kapitainaren bilduma osoa bikain koadernatuta, Maria Moliner hiztegia, kutxa zahar bat jantzi dotoreekin, ontziteriak, lanparak… Azoka berezia antolatu du bere adopzio herrian Carlos Sagasti gasteiztarrak, "gertaera mingarri" bati aurre egiteko. Gauza Harrigarrien Denda izena jarri dio, eta igande eta jaiegunetan zabalik dago, eguerdian eta arratsaldean, izakinak amaitu arte.

Ez da azoka arrunt bat, iruzur baten biktima izan den emakume bati ekonomikoki laguntzeko baizik. "Ziurrenik, azoka batean horrelako gauzak merkeago topatuko zenituzkete, baina hau ez da ohiko azoka bat", argitu du Sagastik. "Denda hau ireki dugu gauza oso mingarria gertatu zaigulako: nire arreba iruzur baten biktima izan da, internet bidez".

Iruzurrak urte eta erdi luze iraun du, eta 30.000 euro baino gehiago galdu du emakumeak

Sagastik kontatu duenez, arrebari betidanik gustatu izan zaio bakarrik bizitzea. "Baina adinarekin bakardadea gogorra bihurtzen da eta badira mafia batzuk, Instagram eta sare sozialen bidez, maitasun eta konpainia gabeziak dituzten pertsonak lokalizatzera dedikatzen direnak, eta egoera horiek baliatzen dituzte pertsonak engainatzeko. Mafia profesionalak dira, bihotzik gabekoak, pertsona ahulez baliatzen dira", azaldu du Sagastik.

Iruzurrak urte eta erdi luze iraun du, eta azkenean 30.000 euro baino gehiago galdu du emakumeak. Senideak konturatu orduko jada "oso engantxatuta" zegoen Sagastiren arreba, "jokoaren edo drogaren mende dagoena bezala, jonki bat bezala"; eta ez zituen familiaren aholkuak jarraitu nahi. "Behin eta berriz esaten genion: maite zaituenak ez dizu dirurik eskatzen; baina berak ukatzen zuen dirua eman zienik, eta gainera pertsona independentea da, bere diruarekin nahi duen bezala jokatzeko eskubidea du".

Halere, egoera muturrera iritsi zen. "Arrebak pentsio altua kobratzen du, funtzionarioa delako, musika irakaslea izan da erretiratu arte;  baina momentu batean deitu eta esan zigun ez zuela dirurik, ez zekiela zergatik ez zuen dirurik. Bankuetan kreditu batzuk eskatu zituen, baita Cofidis bitartez ere baina ez zuen dirurik ezta jateko ere, sosik ere ez zuen, emaztea eta biok ibili gara janaria bere etxera eramaten".

Egoera hain larria izan denez, Gasteizen alokatuta zuen pisua hustu behar izan dute. Orain,  arrebaren gauza guztiak, oroitzapenak, altzariak, arropak… San Millan de San Zadornileko Gauza Harrigarrien Dendan salgai jarri dituzte. Herrikoek utzi diote ferratokia, eta bertako bizilagun batzuek bideo bat egiten lagundu diote ekimenaren berri emateko. "Dirua biltzea eta nire arrebari laguntzea da helburua. Gauza batzuek prezioa dute, interneten ikusi dudan prezioa jarri diet, eta beste batzuk ez. Telefonoz deitu didate askok, interesatuta, eta hemendik ere igaro dira. Jendearengan konfiantza handia dut".

"Arazoa da, hasieran, laguntza behar izango dugula erresidentzia pribatua ordaintzeko"

Une honetan, Lezako ospitalean ingresatuta dago Sagastiren arreba. Lehenagotik zituen osasun arazoekin batera, animikoki sekulako jipoia izan delako iruzurra. "Ez du bakarrik bizi nahi, beldurra du; azkenean, berarekin luze hitz egin ondoren, erabaki du ospitaletik ateratzen denean erresidentzia batera joatea. Arazoa da bera sosik gabe gelditu dela eta nik pentsio urria daukadala, eta laguntza behar dugu erresidentzia pribatua ordaintzeko, publiko batera eraman arte". Familia diputazioan tramitatzen ari da erresidentzia publikoan sarrera, eta bitartean diru laguntzak ere eskatuko dituzte. "Gizarte langileak asko laguntzen ari dira, asko eskertzen diet".

Ertzaintzaren aurrean ere, salaketa egin du Sagastik, baina itxaropenik ez du horretan."Azaldu digutenez, ezinezkoa da iruzurgileak jarraitzea, IP helbideak aldatzen joaten direlako. Nituen datu guztiak emateko prest agertu nintzen, transferentziak, telefonoaren mezuak, baina paso egin dute, oso modu txarrean". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago