Lorategiari, babes handiagoa

Erredakzioa 2023ko ira. 24a, 12:00

Bost hektareako inguruan kokatuta dago Badaiako Santa Katalina, Tresponden. PHOT.OK

Badaiako Santa Katalina monumentu izendatzeko espedientea abiatu du Jaurlaritzak. Jatorrizko dorrea, jauretxea, komentua, klaustroa eta azpiegitura hidraulikoaren kanpoko uharkak babestuko ditu.

Guztira, bost hektarea inguruko babes eremua ezarri du Eusko Jaurlaritzak Badaiako Santa Katalina monumentu multzoa izendatzeko abiatu duen espedientean. Lorategiak eta bere inguruak dituen balio kulturalen artean, Jaurlaritzak azpimarratu du Santa Katalinako multzoak potentzial arkeologiko handia daukala "azterketa historiko eta arkeologiko integral bat egiteko".

Jatorrizko dorrea, eliza, Iruñatarren jauretxea, komentua eta klaustroa babestuko ditu izendapenak, baita azpiegitura hidraulikoaren kanpoko uharkak ere, eta horien inguruak. Perimetroak aparkalekutik lorategira sartzeko bidea eta ekialdeko muturrean, piknik gunea hartzen ditu.

Momentuz, itxita

Monumentu multzoa izendatzeko izapideak jarraitzen duen bitartean, Iruña Okako Udalak martxan du Europako Next Generation funtsek finantzatutako obrak egiteko proiektua. Horretarako inbertsioa milioi bat eurokoa da, eta bitartean, lorategi botanikoak itxita jarraituko du. Halere, obra egiten den bitartean eta ahal den guztietan, Lorategiaren Lagunen Elkarteak antolatzen dituen jarduerei eutsiko die udalak, eta bisita gidatu zehatz batzuk ere antolatu ditu azken hilabeteetan.

Next Generation funtsak euriaren urak biltzeko erabiliko dira, ureztatze-sistema hornitzeko. Erdi Aroan eraiki zen mekanismoaren antzekoa eraiki nahi dute; ezkutuan dago oraindik ere, eta akueduktu txikiak ditu. Halaber, eguzki-plaka batzuk kokatuko dira, auto elektrikoak kargatzeko gune bat eta zaintza-kamerak parkeko hainbat puntutan, fauna behatzeko.

Badaiako Santa Katalina erabat suntsituta geratu zen lehen gerra karlistan, 1836an, eta, ordutik, espazioa ahaztuta geratu zen, eta eraikinak erori ziren. 2000. urtean, Iruña Okako Udalak lursailak erosi eta zaharberritze-lanak hasi zituen. Indusketa arkeologikoak ere egin ziren, eta komentuko klaustroa argitara atera zen. Gainera, botanika berreskuratzeko lan handia egin da urte luzez, eta egun Arabako lorategi botaniko ezagunenetakoa da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago