Angostoko azokak, 30 urte

Erredakzioa 2023ko ira. 1a, 10:00

Angostoko azoka Gaubeako herritarren topagune garrantzitsua da. Argazkia: PHOT.OK

Hilaren 3an, Villanañeko santutegiko zelaietan, Gaubeako azokarik tradizionalena egingo da. Ganadu erakusketarekin eta tokiko ekoizleen produktuen salmentarekin batera, herri dastaketa izango da.

Igande honetan, irailaren 3an, Gaubean, tradizio handia duen Angostoko azokak 30 urte beteko ditu. Villanañeko santutegiko zelaietan, ekoizle ugariren produktuen salmenta izango da; bereziki, nekazaritza eta elikadurako produktuak eskainiko dituzte, hala nola, euskal pastela, gaztak, taloak, hestebeteak, kontserbak, ogia, eztia eta gatza. Bertako ganaduaren erakusketa ere izango da, goizean zehar, eta artzain-txakurren erakustaldia, 13:00etan. Halaber, umeentzat, egurrezko jolasak prestatu dituzte, eta horrez gain, txahal hanburgesak eta euskal ogiaren herri dastatzea antolatu dute Añanako Nekazaritza Garapenereko Agentziako arduradunek.

30. Angostoko Azokara hurbiltzen diren herritarren beharrak asetzeko txosna ere izango da, Gesaltza Añanako bizilagunen bizkar, eta Gesaltzako Txarangak alaituko ditu jendearen joan-etorriak. Gainera, Gaittun elkartearen argazki erakusketa izango da, elizaren kanpoaldean.

Erdi Aroko ganadu azoka hau iragan mendean desagertu zen, nekazal eremuko lanaren mekanizazio prozesua hasi zenean, eta Gaubeako herriak jendez husten hasi zirenean. Alta, 1960ko hamarkadan, Añanako Nekazaritza Garapenerako Elkarteak jaia berreskuratzea erabaki zuen; batetik hiriko biztanleak nekazaritza eremura erakartzea nahi zuten, eta Gaubeako zein Añanako ekoizleen produktuak zabaldu; bestetik, oso sakabanatuta dauden herrien biztanleen artean topagune bat sortzeko asmoa zuten. Gaur, Gaubean bizirik irauten duen azoka tradizional bakanetakoa da Angostokoa, eta urterik urtera udalerriko zein kanpoko bizilagun gehiago erakartzea lortzen ari dira inguru berezi honetara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago