Altxorraren bila bezala, 36 baliza kokatu dituzte Gaubea osotik, eta bizilagunei zein bisitariei horiek aurkitzeko sei ibilbide proposatu dizkiete. Orienting-Gaubea izeneko zentro berria sortu du Gaubeako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren laguntzarekin, eta horixe da egin duten lehen ekimena. Oinez, bizikletaz edo kotxez egiteko ibilbideak eskaintzen ditu proiektu aitzindariak, Euskal Autonomia Erkidegoan orientazioa lantzeko zabaldu duten lehen zentroak.
Villanañeko Angostoko kanpina eta Gaubeako turismo bulegoa izango dira aurrerantzean orientazioaren jardueraren inguruan informazio guztia emateko egokitu dituzten guneak, eta bertan aurkitu daitezke balizak eta ibilbideak jasotzen dituzten mapa eta fitxak, azalpen guztiekin.
Paperezko mapa edo telefono mugikorra baliatuta, ibilbide bat aukeratu eta lehen balizara joan behar dira parte hartzaileak, eta baliza horretako QR kodea klikatuz hurrengo urratsari ekingo diote. Horrela, balizaz baliza joango dira gomendatutako ibilbidea osatzen. Baliza bakoitzean dagoen iparorratzak ere lagunduko du parte hartzaileak kokatzen eta norabide egokia hartzen. Ibilbide motzak daude – lau eta bost kilometro artekoak, oinez egiteko–, ertainak –bederatzi eta hamaika kilometro artekoak, oinez edo bizikletaz egiteko–, eta luzeak – 30 kilometrotik gorakoak kotxez egiteko–.
Segurtasuna eta autokontrola
Orienting-Gaubea proiektuaren parte teknikoa landu duen Geotech enpresako Beatriz Fernandezek azaldu duenez, osasuna, natura, kirola eta turismoa nahasten dituen proiektua da Orienting-Gaubea, eta adin guztietako lagunei zuzenduta dago: adinekoentzat, familientzat, ikasle taldeentzat. "Orientazioa jarduera herrikoia da, mundu osoan zabalduta dago, eta jolaserako zein lehiarako erabiltzen da. Jarduera dibertigarria eta zirraragarria izateaz gain, orientazioak nabigazio trebetasunak, arazoak konpontzeko gaitasuna, erresistentzia fikoa eta norberarekiko konfiantza ere hobetu ditzake".
Fernandezek azpimarratu duenez, gainera, edozein momentuan egin daiteke jarduera, modu autogidatuan, eta kontrol puntuak dagoeneko ezarrita daude, Gaubea osoan. Horretarako, bertako bide sare lokalak erabili dira. "Orienting-a Europa Iparraldeko herrialdeen orientazioan oinarritutako ekimena da. Aire zabaleko orientazioa eta azpiegitura publikoen erabilera bateratzen ditu". Ibiltariek, kirola praktikatzeaz gainera, udalerriko eta eskualdeko paisaiaren, naturaren eta kulturaren aberastasunak ezagutzeko aukera izan dezakete.
"Turismo jasangarria"
Ekimen honek hainbat helburu ditu, besteak beste, bizimodu osasungarria eta aktiboa sustatzea, aire zabaleko jarduera fisikoak eginez. Halaber, garapen ekonomikoa sustatzea bilatzen du, "natura eta kirol turismoak onura ekonomiko handiak ekar diezazkieke tokiko eta eskualdeko komunitateei, turistak erakar ditzakeelako eta turismoarekin lotutako jardueretan enplegua sor dezakeelako".
Ildo horretan, turismo jasangarriari laguntzen diola azaldu dute Gaubeako udal arduradunek, aurkezpenean. "Natura eta kirol turismoak jasangarria izan nahi du, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez, ingurumenean eta tokiko komunitatean duen eragin negatiboa minimizatuz, epe luzerako onurak maximizatzen dituen bitartean tartean dauden alderdi guztientzat".Halaber, ingurumenaren errespetua eta kontserbazioa sustatzeko helburua du jarduerak, ingurumen hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez: "Turismoaren bidez naturaren edertasuna eta garrantzia erakustean, baliabide naturalak eta biodibertsitatea zaintzen lagundu daiteke".