Zanbranako EAJ salatu dute, eraikin historiko batean kartelak silikonarekin jartzeagatik

Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 09:04

Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri dute Zamudiotarren etxeko jabeek, egindako kalteengatik.

Zamudiotarren oinetxea XVII. mendeko jauregia da. Fatxada nagusian, armarri bat ageri da, Zamudiotarrena eta Portilla hiribilduarena, Arabako armarriaren jatorria, hain zuzen ere. Bada, iragan astean, hauteskunde kanpaina betean, etxearen atean kokatu zituen EAJk bere kartelak, "sikaflexarekin eta zinta itsaskorrarekin", etxeko jabeek salatu dutenez. Zamudiotarren etxea, "eraikin babestua da ondare aldetik duen baloreagatik", esan dute.

Egindakoa ikusita, Zanbranako Udalera jo zuten jabeek, eta Peio Ruiz Garciarekin, EAJko buruarekin, hitz egiteko gomendatu zion familiari Aitor Abezia alkateak, atea zegoen bezala uzteko eskatzeko. Iker Pinedo etxeko jabeak ALEAri azaldu dionez, "berarekin hitz egin ondoren, kalteak konponduko zizkigun margolari bat bilatu eta aurrekontu bat bidali genion. Gaur, berriro hitz egin dugu berarekin ez dugulako erantzunik jaso, eta atea margotuta zegoela argudiatu du". Pinedok azaldu duenez, familiaren baimenik gabe, kaltetutako atea margotu dute jelkideek eta "benetako lardaskeria egin digute". Horregatik, atzo arratsaldean, Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri zuen familiak, egindako kalteengatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago